Elkarrizketa

«Gure emozioen inguruko hausnarketa egin beharrean gaude»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 18a, 11:59

Baikara Federazioko Nekane Jacinto Garcia hezitzaileak 'Emozioen identifikazioa, ulermena eta kudeaketa' hitzaldia eskainiko du, gaur, Alegiako kultur etxean, 18:30ean.

Alegiako Aralarpean guraso elkarteak antolatuta, Baikara Federazioko formazio arduraduna den Nekane Jacinto hezitzaileak Emozioen identifikazioa, ulermena eta kudeaketa hitzaldia eskainiko du, gaur, 18:30ean, kultur etxean.

Zer direla emozioak esango zenuke?

Emozio bat, estimulu baten aurrean bat-batean aktibatzen den prozesua da, gugan aldaketak eraginez. Beste era batera esanda, zerbait gertatzen denean, berehala gugan aldaketa batzuk gertatzen dira eta honi erantzuna ematen diogu.

Garrantzia du norberaren emozioetan arreta jartzeak? Edota ingurukoenetan?

Adimen askotarikoak daude eta hauek, naturan, zenbaki edo logikan, hitzetan, irudietan, musikan… trebeak egiten gaituzte, baina badago beste adimen bat emozionala dena. Hain zuzen ere, azken hau izango da, pertsonengan eta norbanakoarengan trebe egingo gaituena. Hau dela eta, gure emozioetan eta besteen emozioetan arreta jartzeak, zuzenean ongizatea dakar gure familia zein testuinguruko arlo ezberdinetan; esate baterako, elkarbizitzan, arlo akademikoan eta osasunean.

Lehenengo emozioak identifikatzean dago gakoa? Nondik hasi beharko genuke?

Aurretik aipatu dudan bezala, estimulu baten aurrean, guregan aldaketa batzuk sumatuko ditugu. Aldaketa hauek, edonolakoak izan daitezke: ahots tonuaren aldaketa, beroa ala hotza, izerdia gorputzeko edozein atalean, bihotz taupaden erritmoan, eta abar. Hauek ezagutzea ezinbestekoa da, hain zuzen ere, lagunduko digulako emozio prozesuaren hasiera detektatzen eta ondorioz, sentitzen dugun emozio hori identifikatzen emozioari izena emanez.

Ulermena diozunean, zertaz ari zara?

Behin emozioa identifikatu dugunean, hau ulertzea izango litzateke hurrengo pausoa. Ez baldin badakigu zerk eragin digun emozio hori, zaila gertatuko zaigulako gure burua ezagutzea. Gure emozioek arrazoiak izan ohi dituzte eta hauen inguruan hausnartzea ezinbestekotzat jotzen dut, nahiz eta barrukoei begiratzea lan erraza ez izan.

Haur eta gazteei nola lagundu emozioekin?

Emozioen prozesuak segundo gutxi batzuk besterik ez du irauten, horregatik, haurrei eta gazteei egunerokotasunean bizi dituzten prozesuen inguruan hausnarketa bideratzen lagundu behar diegu. Adibidez, beraiengan bizi dituzten aipatutako aldaketa horiek identifikatzen eta emozio ezberdinak sentitzeko dituzten arrazoien inguruan hausnarketa sustatzen. Honetarako, jolasak aukera asko ematen ditu, modu lasaian eta presiorik gabe egiten dugunean, bertan izandako bizipenak adieraztea errazagoa izaten baita.

Guraso batek edo ez denak, zertan jarri beharko luke arreta?

Gurasoak edota helduak, seme-alaben edo haur eta nerabeen eredu garenez, lehenik eta behin, gure emozioen inguruko hausnarketa egin beharrean gaude. Guk bizitako emozio prozesuen nahigabeko transmisioa egiteko joera dugu. Beste era batera esanda, guk sentitutakoen aurrean, zein punturaino gauden inguruko haur-nerabeen bizipenetan eragiten aztertu beharko dugu; zenbaitetan, eta bereziki seme-alabengan, guk izandako emozioen adierazpena, hauetarako arrazoiak, hauen aurrean izandako erantzunak, eta abar errepikatzen baitira.

Adibiderik baduzu?

Guraso batek egunerokotasunean bere seme-alabekin bere eguneroko bizipenez hitz egiten badu, eta ondorioz, emozioen partekatzea egiteko ohitura badu, aukera gehiago dago, behintzat, hauek beren emozioak naturaltasun gehiagoz adierazteko. Argi ikus daitezke jokabide hauengatik eratorritako onurak. Emozioen transmisioak eragin ez hain onuragarriak ere ekar ditzake, besteak beste, haserrearen aurrean guraso batek oihu eginez erantzuten badu, seme-alabek modu berean erantzuteko aukera gehiago baitago.

Haserrea, tristura, ezinegona... izango dira azken urtean gehien agertutako emozioak?

Azken urtean, egia da, asko kostu emozional bat ordaintzen ari garela; alegia, norbanakoak bizi beharreko askatasunaren aurrean murrizketak bizi izateak, onura oso gutxi dakartzalako. Honek guztiak, batez ere frustrazioaren emozioa areagotu izan du eta honi aurre egiteko baliabideak garatzea besterik ez zaigu geratzen. Pertsona guztiok, frustrazioak eragindako egonezina aldentzeko estrategia propioak garatu behar izan ditugu. Honen adibide gisa haur eta hauen gurasoek adierazitakoak aipa ditzaket: «Ziurgabetasunez beteriko ezusteko egoera honen aurrean, familian bilduagoak sentitzen gara; elkarrekin denbora gehiago pasa behar izateak, momentu atsegin gehiago bilatu behar izatera eraman gaitu». Argi dago, ez dela familia guztiek izandako bizipena, baina batzuen aldetik horrelako onurak entzun izan ditut. Alaitasuna bilatzearen beharra da, aipatutako emozioekin oreka mantendu ahal izateko.

Azken puntuan kudeaketa legoke. Nola kudeatzen dira emozioak?

Emozioak kudeatzeko trebatzea beharrezkoa dugu, zenbait emozioen aurrean. Adibidez, haserrea, amorrua, inbidia… emandako erantzunak ez direlako beti egokiak izaten. Horregatik, behin eta berriz emozio baten aurrean erantzun ezegoki berdina ematen badugu, argi dago, hori aldatzeko aukeraren bat izatea nahi badugu, aurretik prestatu beharko dugula. Honetarako, aurretik aipatutako gorputz aldaketak identifikatuak izango ditugu, gure kudeaketarako martxan jarri behar dugunaren seinale edo alarma izango direlako, eta hau etorri bezain pronto, entrenatu dugun erantzuna praktikan jartzen saiatuko gara. Emozioak egunean hainbeste aldiz sentitzen ditugunez, beti aukera berriak izango ditugu praktikan jartzeko, eta pixkana hobekuntza ematen joateko.

Zein gako daude kudeaketarako?

Emozio gehienek energia ematen digute eta hau kanalizatzea izango litzateke, nire ustez, egotekotan, gakoren bat. Edozein adinekorentzat eta pertsona askorentzat aproposak izan daitezke eskuak erabiliz energia kanalizatzeko moduak. Batetik, eskuak besteen aurrean errazago gorde ditzakegulako eta bestetik, ez dugulako bestelako tresnarik une oro gainean eraman behar. Estrategia hauen artean, eskuak estutzea, hatz lodia beste behatz bakoitzarekin ukituz, buruan abestiren bat abestea, eta horrelakoak izan ditzakegu. Beste estrategia oso sinple bat eta baliogarria, arnasketa kontrolatzea da: hiru segundo airea sudurretik hartuz eta beste lau segundo airea sudurretik botaz. Edozein estrategia erabilita ere, bakoitzarentzat arrakastatsua dela sentitu behar dugu, bestela, beste estrategia baten bilaketan aritu beharko gara.

Ikasi daiteke emozioak kudeatzen?

Emozioen kudeaketak une oroko ikaskuntza dakar, eta argi izan behar dugu, edozein kudeaketa ezegoki eginda ere, hau hobetzea badagoela; hain zuzen ere, aurretik ikasitakoak, ikasiak diren heinean, aldatzeko aukera baitute.

Eta txikitatik lantzea komeni da?

Kudeaketa honen trebatzean adinean gero eta txikiago izan, hobe; emozioen erantzunen aurrean gero eta baliabide gehiago garatuko baitituzte.

Gurasoek seme-alabekin landu beharrekoa da?

Emozioak bizitzeko lehen gunea familia da. Hau dela eta, gurasook seme-alaben erreferentzia garen heinean, bereziki guregan hartu beharreko zeregina izango da. Egia da, gerora eskolak ere zeregin horretan laguntza emango digula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!