Kulturarekiko konpromisoari eutsiz, ekitaldi sorta

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 2a, 11:59

Alegiako Kultura Batzordeak segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta bada ere, kultur ekitaldiei eusteko ahalegina egin du, eta martxoa ekitaldiz bete du. Herritar guztiak gogoan, sei ekitaldi antolatu dituzte. 

Alegiako Kultura batzordeak kulturarekiko duen konpromisoan jarri du arreta, eta martxorako ekitaldiak antolatu ditu. Adin guztietako herritarrei begira egin dute lan, eta guztientzat izan daitekeen eskaintza antolatu du.

Ostiralean, hilak 5, Elhuyar fundazioak Bizilabe tailerra eskainiko du, Alegian. Plazan egingo dute saioa 16:30ean hasita, eta parte hartzaileek zientziarekin eta teknologiarekin loturiko jarduerak egin ahal izango dituzte. Hurrengo egunean, aldiz, Ama-Alu-Lur. Sorgin baten ametsa antzezlanaz gozatzeko aukera izango da, Intujai antzerki taldearekin. Elizpe zineman ikusi ahal izango da 19:00etatik aurrera, baina emanaldi horretara joan nahi dutenek sarrera erosi beharko dute. Dagoeneko salgai daude kultur etxean. Sarrera zortzi euro ordaindu beharko da, eta 18:30etik 20:30era daude salgai.

Martxoaren 8an, astelehenean, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Eztanda talde feministak Pasa zaitez alde morera lelopean 19:00etarako plazan deitu du elkarretaratzea, eta Alegiako Udalak bat egin du deialdiarekin.

Hilaren 11n irakurle taldeak urteari ekingo dio. 2021eko lehen saioa egingo dute, eta aurrekoetan egin moduan, Amaia Goikoetxeak dinamizatuko du saioa. Kasu honetan, Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da eleberria aztertuko dute, 18:00etatik aurrera, kultur etxean.

Martxoaren 18an, ostegunez, Baikara taldeak hitzaldi bat eskainiko du kultur etxean. Emozioen identifikazioa, ulermen eta kudeaketa izango da hitzaldia, eta saioa 18:30ean hasiko da, kultur etxean.

Eta martxoko egitarauari haurrentzako saio batekin emango diete amaiera. Martxoaren 23an, asteartean, Maite Francoren ipuin kontaketa izango da 17:00etatik aurrera, kultur etxean. 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendua da. Saio horretara joan nahi dutenek, ordea, 16:45erako kultur etxeko sarreran egon beharko dute, segurtasun neurri guztiak bermatzeko.

Martxoko egitaraua

Martxoak 5, ostirala
16:30. Bizilabe tailerra (10 eta 14 urte bitarteko nerabeentzat). Elhuyar fundazioaren eskutik, plazan.

Martxoak 6, larunbata
19:00. AMA-ALU-LUR. Sorgin baten ametsa, antzezlana, Intujai antzerki taldearen eskutik, Elizpe zineman.

Martxoak 8, astelehena
19:00. Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Pasa zaitez alde morera lelopean elkarretaratzea, plazan.

Martxoak 11, osteguna
18:00. Irakurle taldea. Ene baitan bizi da,  Maddi Ane Txoperena idazlearen liburua, Amaia Goikoetxeak gidatuta, kultur etxean.

Martxoak 18, osteguna
18:30. Emozioen identifikazioa, ulermen eta kudeaketa hitzaldia, Baikara taldearen eskutik, kultur etxean.

Martxoak 23, asteartea
17:00. Ipuin kontaketa Maite Francoren eskutik, kultur etxean, 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!