Bihartik ostiralera geltoki inguruko aparkalekua itxita egon da

Ataria 2021eko otsailaren 23a

Argazkia: Alegiako Udala

Alegiako geltokian ADIFek egin behar dituen lan batzuk tarteko, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean ezingo dira autoak bertan sartu eta aparkatu. Hiru egun horietan, San Juan kalean aparkatu ahal izango da "ezohiko neurri modura".

Alegiako Udalak jakitera eman duenez, bihartik ostiralera bitartean, hau da, hilak 24, 25 eta 26an, "geltoki inguru guztiak ibilgailuz hustuta egon beharko du".

ADIFek geltokiaren eremu horretako segurtasuna hobetzeko lan batzuk egin behar ditu. Lan horiek direla eta, bihartik ibilgailuz hustuta egon beharko du eremu guzti horrek. Errepide nagusitik ibilgailuekin bertara sartzeko dagoen sarbidea itxita egongo da. ADIFek dituen aurreikuspenen arabera, astebururako lan horiek amaituko dituzte, eta ibilgailuek eremu horretara sartzeko aukera izango dute. 

Alegian oso ohikoa da geltokiaren inguruan ibilgailuak aparkatzea. Egoera zein den aztertuta, asteazkenetik ostiralera bitartean, San Juan kalean aparkatzeko baimena emango du udalak, "ezohiko neurri modura". Behin lanak amaitzen direnean, "kalean aparkatzeko egun indarrean den debekua berrezarriko da", adierazi du udalak. "Ostiralean 14:30etik aurrera kalea itxita izatea da aurreikuspena", azpimarratu dute.

Udaletik aparkalekuaren erabiltzaileei barkamena eskatu nahi die, lanek eragin ditzaketen eragozpenengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!