Artolak ezin izan du bere maila erakutsi

Ataria 2020ko abe. 14a, 09:42

Argazkia: EITB

Ezkurdiaren aurka 22-8 galdu zuen atzo alegiarrak Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetan, Eibarren jokatutako partidan.

Partidaren hasiera parekatua izan bazen ere, markagailuan seina jarriz, Ezkurdia zuzenean joan zen gero 21 tantoetara. Azken unean bi tanto egin zituen Artolak, baina dagoeneko partida galduta zegoen. Alegiarrak ez zion Ezkurdiaren jokoari nahi bezala erantzun ahal izan, eta tantoak amaitzerakoan ere ez zuen asmatu. "Txapeldun handi bat izan dut aurrean", esan zuen Artolak ETBri egindako adierazpenetan. "Ez daukat arazorik aitortzeko momentu honetan ni baino koska bat gorago dagoen pilotaria dela. Ahalmena badudala uste dut, baina une honetan ez nago bere mailan. Gaurko esperantza izan arren, kontuan izan behar dut ez nagoela nire unerik onenean: entrenamendu asko egin gabe nentorren, eta fisikoki-eta batere prestatu gabe. Egun kaskarra izan behar zuen berak, eta nik dena arriskatu eta atera, irabazi ahal izateko".

Ezkurdiak "oso zuzen" jokatu zuela eta tantoei "abiadura handia" sartu ziela, eta bera deseroso sentitu zela gaineratu zuen alegiarrak. "Denbora askoan egon naiz geldirik, eta denbora pixka bat gehiago behar dut nire jokorik onena harrapatzeko". Final-laurdenetako azken partida zen Artola eta Ezkurdiaren artekoa, eta, beraz, zehaztuta geratu dira finalerdiak: Jaka-Ezkurdia eta Bengoetxea VI.a-Altuna III.a. Asteburu honetan ikusiko da buruz buruko finala berriro errepikatuko den lau eta erdikoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!