Alegian erroldatutako bi pertsona kontratatuko ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 3a, 10:59

Alegiako Udalak, Lanbide bidez, 16 eta 30 urte bitarteko administrari laguntzaile bat eta zerbitzu anitzetako posturako 45 urtetik gorako pertsona bat kontratatuko ditu.

Alegian erroldatuta dauden bi pertsona kontratatuko ditu Alegiako Udalak, udaletxean lan egiteko. Lanbide bidez egingo du, eta Lanbiden egin beharko dute eskaera interesatuek. 16 eta 30 urte bitarteko administrari laguntzaile bat, eta 45 urtetik gorako zerbitzu anitzetako langile bat kontratatuko ditu. 

Aurrez ere egin izan ditu Alegiako Udalak mota honetako kontratazioak, eta "herriko langabezia datu txarrak ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten da Lanbidek eskaintzen dituen programa horiek baliatzea", adierazi dute udaletik.

Gazte enplegu bidez, administrari laguntzaile bat kontratatuko da. Kasu honetan, 16 eta 30 urte bitartean izan beharko ditu, eta Alegian erroldatuta egoteaz gain, Lanbide Heziketa 1, DBHko ikasketak izan beharko ditu. Maila horretatik gorakoek ez dute balioko. Euskara maila, berriz, B2-koa.

Enplegu sustapenetik, aldiz, zerbitzu anitzetako langilea hartuko du udalak. 45 urte baino gehiago izan beharko ditu postuan interesa duenak, Alegian erroldatuta egon beharko du eta ikasketei dagokionean eskola agiria aurkeztu beharko du.

Langabezia datuekin "kezkatuta"

Alegiako Udalak herriak dituen langabezia datuekin kezkatuta agertu da. Eusko Jaurlaritzak irailean argitaratutako datuen arabera, Alegiak, %13,3ko langabezia tasa du. Tolosaldeko handiena da, eta gazteen langabeziarekin arduratuta azaldu da udala: "Kezkatzekoa da gazteen adin tarteko zenbatekoa. 16 eta 30 urte bitarteko gazteen %30a langabezian dago". Guztira 112 herritar daude lanik  gabe. Horietatik 62 emakumezkoak dira, eta 50 gizonezkoak. Udalak emandako datuen arabera, eskatzaileak 336 dira, ordea. 2019ko abenduan baino 138 gehiago.

Udalak joera hori aldatzeko bere esku dagoen guztia egingo duela azpimarratu du, eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sustapen Programak eskaintze dituen aukerak baliatuko ditu horretarako. Bi langile eskatuak dizkio Lanbideri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!