10 edo 11 urte izango zituen lehen aldiz tokatu zitzaidanean, eta harrituta utzi ninduen: teknikoki, bi eskuekin nahieran egiten zuen pilotan, eta bazituen kolpe harrigarriak eta gutxitan ikusten zirenak; taktikoki, bazekien zer egin aldiro, edo irudipen hori ematen zuen, eta hori baino gehiago, aurkariak behintzat ezin antzeman izaten zion zer egingo zuen; fisikoki, altua eta indartsua, bere adinerako mutil galanta beti, pilotarako propio sortua izan balitz bezala; eta psikologikoki, psikologikoki aparta zen, ia beti irabazle, eta ia hori bere benetako zentzuan jarria dago, partida gehienak irabazten baitzituen.
Zer esan atzoko partidaz? Ba, horixe bera: umetan harritzen gintuen Jaka hura ikusi genuela berriz ere, ikusi dugula txapelketa osoan zehar, eta ziurrenik ez dela horren harrigarria izango haren ibilbidea gertutik jarraitu dutenentzat, Xalton eta konpainiari galdetu behar bestela. Jaka beti izan da goi-goi mailako pilotaria, bere adinekoen artean nabarmentzen zenetako bat, eta orain ere halaxe egin du: profesionaletan ezkutu xamarrean denboralditxo bat pasa duen arren, iritsi da bere garaia.
Finaleko zenbait gako ematekotan, esango nuke defentsan izugarri ondo aritu zela, bazirudien zulorik ez zegoela, eta pilota oso zailak eraman zituen. Altuna bera izan ohi da aurkariak zer egingo duen antzematen duena, baina atzokoan Jakak egin zuen hori, hiruzpalau dejadatan batez ere. Bestetik, beti bezain erraz bukatu zuen tantoa, eta oso ondo atzeratu eta baztertu zuen pilota hala egin behar zenean. Bere jokoa egin zuen eta ez zion Altunari berea egiten utzi.
Hutsuneren bat izatekotan sake errestoan izan zuen Erik Jakak atzo. Ez aurrera eta ez atzera geratu zen zenbait aldiz, Altunak berak asmatu zuelako ere bai ziur asko, eta larri zen azkenean: bi tantoko aldea besterik ez. Dena den, lesioren bazuela ematen zuen azken aldera, eta horrek ere izango zuen eragina.
Jokinek, berriz, gutxitan egiten ditu tanto gutxi, eta atzo ere ez zituen urruti hogeita bi. Ez zuen, hala ere, egun ona izan Amezketako txapeldunak. Errematerako garaian ez zen fin aritu, eta ahalegin gehienak eskuinarekin egin zituen; ez da seinalerik onena izaten ezker airea hain ondo maneiatzen duen pilotariengan. Bota zituen dejadak ez ziren berak bota ohi dituen erakoak izan, bat edo beste nabarmen xamarrak ere bai. Bolada batean ondo atzeratu zuen pilota, baina Jakak bere bolea bikainarekin erantzuten zuen. Ez genuen askotan ikusi izan dugun Jokin ikusi, pena izango du horregatik. Tanto bat edo beste izan zituen kalitate handikoak, baina segidarik gabe aritu zen. Hurrengoan beharko du.
Eskualdeko pilotarentzat egun handia izan zen atzokoa, zer esanik ez Lizartzako eta Amezketako pilotazaleentzat. Norbaitek lana egin duen seinale. Zorionak beraz bi finalistei, bereziki Erik Jaka txapeldunari, eta baita inguruan laguntzaile izan dituztenei ere: bejondeiela!