Abenduan ez da kultur ekitaldirik faltako, Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 27a, 11:58

Alegiako Kultura batzordeak bakarrizketa bat, kabaret bat, irakurle taldearen saio bat eta ipuin kontaketa bat antolatu ditu abendurako.

Alegiako Kultura batzordeak abendua ez du kultur ekitaldirik gabe utzi nahi izan, eta bakarrizketa bat, kabaret bat, irakurle taldearen saio bat eta ipuin kontaketa bat antolatu ditu. Abendu Kulturala bezala izendatu den egitarauko ekitaldi guztietan, "indarrean dauden segurtasun neurriak beteko dira, eta une oro antolakuntzaren oharrei kasu egiteko eskatzen da", adierazi dute udaletik.

Lehen ekitaldia abenduaren 4an, ostiralean, izango da. Zuhaitz Gurrutxagak FutbolisTOK bakarrizketa eskainiko du zinema aretoan, 19:00etan. Aretoko ateak 18:30ean irekiko dituzte, eta  sarrera segurtasun neurri guztiekin egin ahal izateko, bertaratzeko asmoa dutenei garaiz joateko eskatzen diete. Aretoaren edukiera mugatua izango da eta bakarrizketara joan nahi dutenek azaroaren 30etik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak, kultur etxean. Zortzi euro ordainduko beharko da sarrera, eta 18:30etik 20:00etara erosi ahal izango dira. 

Haurrak ere izango dute kulturaz gozatzeko aukera.  Abenduaren 10ean, ostegunean, Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa izango da, kultur etxeko areto nagusian. 17:00etan hasiko da, eta 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendua da. Bertaratu nahi dutenek 16:45erako kultur etxean egon beharko dute, segurtasun neurri guztiak bete ahal izateko.

Abenduaren 17an, Alegiako irakurle taldeak bigarren saioa egingo du. Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua landuko dute, 18:00etatik aurrera, kultur etxean. Amaia Goikoetxeak gidatuko du saioa.

Bukatzeko, abenduaren 18an, ostiralean, Andoni Mutiloaren Esnatu naiz kabareta ikusi ahal izango da zinema aretoan, 19:00etan. Emanaldi horretarako sarrerak kultur etxean salduko dira abenduaren 14tik aurrera, 18:30etik 20:00etarako ordutegian, 4 euroko prezioan. Ateak 18:30ean zabalduko dituzte, sarrera mailakatua egiteko.

Udalak ekitaldi guztietan "indarrean dagoen legediak ezarritako segurtasun, higiene eta edukiera neurri guztiak" beteko dituela azpimarratu du, eta udaletik herritarrak ekitaldietara joatera animatu nahi dituzte, "kultura segurua delako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!