BASO ERTZETIK

Naturazaletasunaz

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2020ko aza. 23a, 08:58

Agustin bere 30. urteurrenean, naturazalea bihurtu da bat-batean. Urte luzeetan zehar, larunbat gaueko Tolosako Alde Zaharreko tabernen bezero fidel eta fina izan da. Ikusi duen elementu natural eta basati bakarra, bere garagardo edalontzian noizbait erori zen gau tximeleta bat izan da.

Baina orain, Agustin berria naturazalea da! Naturazale bihurtu denaren berri txarra, kuadrillan geratzen zaion eta neska-lagunik ez duen lagun bakarrari eman dio, urte luzez garagardoen bidez loturik mantendu den zilbor-hestea betiko moztu da… Orain Agustin naturazalea baita!

Esan beharra dago, Agustin ez dela orain arte naturarik gabe bizi izan, urtean behin igande batean mendira joan izan da, barbakoa bat egin, bertan txorizo eta saiheski eder bat erre, eta berrogei zentimotako zerbeza latak edatera lagunekin. Agustinentzako zuhaitz bat gertu izatea garrantzitsua da… pixaleku bikaina baita.

Baina... akabo! Agustin zaharra lurperatu eta Agustin berri bat jaio da, Agustin naturazalea! Baina Agustin berri hau, naturazale izanik, ez da naturaz gozatzera baso batera joango, ez ditu hegaztiak behatzeko prismatikoak erosiko, ez ditu intsektuen gidak kontsultatuko. Agustin, naturazale milenial bat da, naturaz gozatzeko ulertzen duen modu bakarra, mendian lasterketak egitea da! Naturaz gozatzea, lasterka ziztu-bizian landarediaren gainetik pasatzea da. Paretik ehunka zuhaitz espezie eta beste hainbeste ugaztun, hegazti, narrasti eta ornogabe, ziztu-bizian pasatzen zaizkion arren, Agustinen naturazaletasuna GPS-a eta kronometroari begiratzera mugatzen da… Gero sare sozialetan bere markak zintzilikatzeko, noski!

Agustin naturazale lasterkaria, izen frantsesa duen supermerkatu erraldoira joan da eta ia berrehun euro gastatu ditu galtzamotz estuetan, galtzamotzen azpitik doan barrabilak biltzeko galtza estuetan, bizkarrean estuki pegatzen den motxila txikian, bere oinetara estu-estu egokitzen diren txip digitala duen zapatiletan eta nola ez, euri ura uxatzen duen eta bide batez, bere gorputzari estu-estu geratzen zaizkion kamisetetan. Naturazalea izatea lan estua dela ikusi dute Agustinen sabelaldeko gantzek!

Ordaintzeko kutxatik igaro aurretik, Agustinek buruan jartzen den linterna bat erosi du, euritako beroki arin bat, eskularru fin batzuk eta edozein txantxangorrik gustura jango lukeen hazi mota ezberdinez osatutako hamar gaileta karratu. Lau poltsa handiz kargatuta badoa Agustin naturazalea etxera.

Etxera iritsi, erositako guztia sofa gainean jarri eta 30 urtean lehen aldiz, Agustin naturazale biziberritu eta motibatuak, naturazalearen arropa tekniko eta estua jantzi du. Gero, naturaren erdian lasterka egiten irakatsiko dion Youtubeko bideo bat ikusi du, inor ez baita ikasia jaiotzen eta mendian barrena lasterka naturaz gozatzen ikasteko ere bideo bat ikusi behar da gutxienez. Bideoa, Agustinek baino 40 kilo gutxiago dituen beltzaran batek aurkezten du, bera ere arropa estuarekin, kale zuloetako naturan barrena, espaloi ertzeko zuhaitzen artean korrika dabil, izerdiz blai, eta egun lainotua den arren, betaurreko beltzak ditu jantzia, gainera, hitz egiteko moduagatik ez du ematen Amezketa ingurukoa denik. Gizon beltzaranaz liluraturik, bere arropa estuak eragindako zorabioagatik edo, badoa Agustin Txupitxutik gora, Langaurren barrena Intxur mendirantz lasterka ziztu-bizian... naturaz gozatzera.

Bidean xoxo ar polit batek kantu zoragarri bat eskaini dio, baina Agustin erlojuari begira doa. Bide ertzeko putzu batean arrabio arrunt hori eta beltz bat dago, baina Agustinek GPSa kontsultatu du maldaren graduak jakiteko ea bere erritmoa hurrengo 100 metroetara egokitzeko.

Esfortzua eta bere pisu gehigarriagatik, Agustini arnasa falta zaio eta erritmoa bi puntu jaitsi du, gainera, arraroa den arren, lokatza ugari dago bidean, nonahi harri deserosoak daude, putzuak bide erdian agertzen dira eta begietara izerdia sartzen hasi zaio. Youtubeko bideoetako beltzaranak ez zion hortaz hitz egin, ezta kirol dendako saltzaile madarikatuak!

GPSak eskuinera biratzeko esan dio, %5eko malda bat du aurrean, atzean utzi duen putzuan berriz azkonar baten oinatzak daude, eskuinean orkatz batek zuhaitzean bere adarrekin egindako markak, ezkerrean baso igel baten arrautza mordo bat eta justu bere buru gainean hegan miru gorri bat doa, arropa biziz jantzitako izaki arraroari begira. Baina gure naturazalea aurrera doa ziztu-bizian, hurrengo puntuan dagoen hirugarren mailako aldapa gogor bati heltzeko. Pultsazioak altuegiak dituela adierazi dio pultsometroak, oinetakoetan duen txipak aldiz erritmoa igo behar duela dio, mugikorreko aplikazioak aldiz 100 gramo glukosa jatea gomendatu dio... Eta galtza motzen azpian doazen galtza luze estuek gero eta gehiago estutzen diote hanka tartea.

Eta harri baten gainean zegoen, eta ikusi ez duen, goroldio polit batekin irrist eginda, hantxe erori da zerraldo gure Agustin naturazalea. Lurrean etzanda, gorantz begira, soroetako beleen kantuekin… bere gaineko zuhaitzen adarren dantza ikusi du zeru urdin baten gainean, miruaren ohiua entzun du, igel bat gainetik pasa zaio eta eskuan gora milazango batek kili-kili egin dio. Eta hantxe, lurrean zerraldo, isiltasunean, Agustinek naturaz gozatu du, erritmorik gabe, erlojurik gabe, sare sozialetatik kanpo… Basoak Agustin inguratu du eta ongi etorria eman dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!