Dendak eta gogoak

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2020ko urr. 18a, 19:58

Ez naiz fio zerbaitetarako idazten diren liburuekin. Zerbaitetarako egiten diren antzezlan eta filmekin ere ez. Ez eta kantuekin ere. Denek balio dute zerbaitetarako, balio dezakete behintzat, edo balio beharko lukete baina ondoren, ez aurretik. Helmugan 'zerbait' hori jarrita abiatuz gero, artelanaren gainontzeko balio guztiak joanean galtzen dira.

Orain artekoa abstraktuegia iruditu zaionarentzat argibidea: erakundeen aginduz sortutako ikuskizunak propaganda dira normalean, eta elkarteen enkarguz eraikitakoak, panfleto (edo alderantziz). Gauza bat da artista bati gaia jarrita lan egiteko eskatzea eta bestea, gaiari buruz zer esan behar duen agintzea, eta gainera, ari dela, mezua ez dela argi geratu eta berriro hasteko aholkua ematea. Eta gertatzen da. Gero eta gehiago.

Eta segidan, herriko dendarien elkarteak eskatu balit bezala, bizpahiru lerro denda txikiei buruz. Eta ez, ez dit inork ezer eskatu. Gutxiago, agindu. Denda bat zegoen tokian pertsiana betiko itxita ikusteak zerbait astintzen dit erraien zatirik zaharrenean. Ez da oraingo kontua. Urteak daramatzagu noizbait ezagutu genituen denden zerrenda nostalgikoak osatzen. «Ze pena», esaten dugu, autoa hartu eta kilometrotara dagoen salgune erraldoira abiatu aurretik. «Hau ere itxi al dute?», galdetzen dugu, urrutiko ezlekuren batetik atariraino zerbait ekartzeko eskaera ordenagailuz bete ondoren.

Ez da propaganda Uxue Alberdinen 'Dendaostekoak' irakurtzen ari naizela esatea. Eta balitz, bost axola.


Dendarien elkarteak eskatuta ari banintz banan bana zehaztuko nituzke denda txikiek herri bakoitzaren bizitzan zer eragin duten, zer galtzen ari garen haietako bat ixten duten bakoitzean. Nork galtzen duen gehiago. Baina ez ditut panfletoak maite. Propaganda ere ez.

Ez da propaganda Uxue Alberdiren Dendaostekoak irakurtzen ari naizela esatea. Eta balitz, bost axola. Liburua ez da denden propaganda, ez-eta dendariena ere. Berrogei urtez, eta oraindik, dendari diren bi emakumeren, bi ahizpen, bizitza jaso du Uxuek liburu berrian. Bien hitzetan. Gidoirik gabeko elkarrizketa etengabean. Beren langintza(k) maite dituzten bi ahots josi ditu eta balio izan dit dendak eta dendariak hiltzen uzteko bezain odol-galduak garela gogora arazi eta egin dakiekeen epitafiorik ederrena irakurtzeko zoria dugula esateko.

Ez du dendak salbatzeko balioko. Ez du horretarako idatzi. Ez dut uste, behintzat. Ez dakit zertarako idatzi duen. Gogoak eman diolako seguru-asko. Eta gogoa bezalakorik ez da edozertan hasteko. Gogoa da gauza ederrak egiteko osagairik funtsezkoena. Gogoa jartzen duzun hartan ez duzu beti asmatuko, baina gogogabetuta, sekula ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!