BASO ERTZETIK

Oiloen beste izenak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2020ko urr. 12a, 08:58

Gallinula chlorupus. ATARIA

Aitatasunaren eta bere betebeharren zokoetatik burua atera orduko, hementxe gara berriro bueltan, zuen etxeko sukalderaino ingurumena, animaliak, ekologia, kontu zaharrak eta bestelako gaiak ekartzera. Eta zer hoberik ikasturte berri bat hasteko, animalia zoragarri eta oso gurea den batekin hastea baino? Eta ez, ez naiz basurdea edo arrano beltzari buruz ari, oiloei buruz baizik!

Ba al zenekien euskal oilo arraza bat badugula? 2001eko Euskal Animali Arrazen Katalogo Ofizialak halaxe dio, Arrantza eta Nekazaritza sailburuak aginduta, epaile batek 2001/373 dekretuan adierazia eta ziur notario oilozale batek sinatua, oilo lumez egindako idazteko lumarekin noski. Eta hori gutxi balitz, 2006an gure euskal oiloa, Espainiako Arrazen Katalogo Ofizialean sartu zen eta 2008an berriz, Arraza Babestua bezala katalogatua izan zen nazioartean… Nire masterreko tesiak ere ez zituen izan horrenbeste izendapen!

Baina hemen tranpatxo bat dago, oilo arraza bakarra da, baina honek bost aldaera edo kolore barietate ditu, beraz, bost euskal oilo barietate ikusi ahal ditugu gurean. Aldaera bakoitzak bere izena du, eta euskaldunok izenak ipintzen oso originalak ez garenez, kolore beltzeko barietateari, beltza deitu diogu, luma gorriak dituenari gorria... Lepoan lumarik ez duenari lepasoila... Marrak dituenari marraduna eta ezetz asmatu zuria den oiloari nola deitu diogun? Euskal oilo zilarra. Azken honen izena ez dakit euskaldun batek ipini ote zion; nire zalantzak ditut.

Baina zutabetxo xume honen helburua, irakurlearen oilo jakintza beste maila batera eramatea da eta esan beharra dugu oilo izena duten hegazti mordoa ditugula gurean, eta ez direla oiloak! Animalia erabat interesgarri hauek ezagutzeko… ez kendu begiak orrialdetik.

Ikusten dudanez, euskal hegaztien izendegian, hegazti ertain guztiei oilo atzizkia jartzeko ohitura dugu. Ezagunena, eta Alegiatik Tolosarako bidegorri famatuan paseatzen bazoazte, Oria ertzean, Uroiloa (Gallinula chloropus) ikus dezakegu, oilo baten tamainakoa, beltza eta moko aurrea kolore gorria duen hegazti igerilaria, askotan bere habiak non dauden ere ikusi ahal dira pazientzia pixka bat badugu eta bere hara-honakoei begira egoten bagara.

Uretan dabilen beste oilo bat, Itsas-oilo mottoduna edo Txilinporta handia (Podiceps cristatus) da, eta izenak dioen bezala motto polit bat du buru gainean eta neguan itsas aldean ikusi daitekeen arren, urtean zehar lakuen zalea da. Tolosaldean zaila ikusteko eta egia esan oiloaren antza apur bat ere badu.

Beste oilo izena duen hegaztia, gure etxeko oiloen ahaide basatia izan litekeena dago, Basoiloa (Otis tarda). Egia esan, izena erabat bat dator, oilo formako basoan dabilen hegaztia da, oso polita eta ehiztarien suzko makilen ondorioz ia desagertzean dagoena.

Baina begira euskara zein xelebrea den, Mozoloa (Athene nocturna) deritzon ontzari Oiloxarra deitzen zaio Donostialdean. Izen honekin erabat liluraturik nago, saguzarra izena baitatorkit burura, eta bi animalia zahar hauek, badute zerikusia. Biak dira gautarrak, biak daude basoarekin eta zuloekin lotuta, magia moduko bat dute animalia zahar hauek. Agian xahar atzizkia, misterio ukitua duen animalia gautarrei ipintze ote zaie gurean?

Eta oilo festa guztiz interesgarri hau amaitzen joateko, oilo antzik ez duten baina oilo izena duten hegaztiak ditugu, hala nola; Miru gorria (Milvus milvus) edo Sakana aldean deitzen dioten moduan Oilojanzalea. Nahiz eta miru gorriaren ikerketetan ez den ikusi oiloak jaten zalea denik, nahiago ditu jaki errazak: erdi hildako untxiak, hildako hegaztiak eta honelako delicatessen-ak. Bestetik badugu, Usapala (Tortola tur tur). Honek ere oiloaren antz zipitzik ez du, ia uso baten berdina da, baina Bidasoa aldean Ttortto-oiloa deitzen diete, nonbait bere ttor-ttor kantu bereizgarriagatik izango da. Azkenik, hegazti polit bat dakarkigu: Zata (Caprimulgus europaeus). Gaueko hegazti harraparia da, aurpegi oso berezia du, begi kizkurrekin, abiadura handian dabilen hegazkin gidaria ematen du… Eta noski, oiloaren antzik batere ez! Baina Goierri aldean Gauoiloa deitzen diote, eta bai, gauean ibiltzen da gure basoetan hegan.

Benetan ilusioz beterik hasi dugu ikasturte berri hau, berriro zuen sukalde erdiraino iritsi arazi nahi dugu ekokulturaren txoko xume hau, eta inork kuriositate edo gai bat proposatu nahi badu, irekiak ditu nire sare sozialak (@Bioaniztasuneti eta @jonander_galarraga). Bestalde, hegaztiak eta euskararen zurrunbilo zoragarri honetan galdu eta gozatu nahi duenak, Asier Sarasuaren (@asarasua) txoriak.eus atarian badu zer ikusi eta ikasi. Izan oilo, oilozahar, ttorttoilo edo oilojanzale, hemen baduzu zuretzako lekua!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!