Haur eta helduak entseguekin hasiko dira Txintxarri abesbatzan

Ataria 2020ko irailaren 24a

Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek martxoan Covid-19ak etendako jardunari hasiera emango diote. Gaur egingo dute lehen entsegua Alegiako kultur etxean.

Martxotik etenda izan dute jarduna Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek. Hasiera emango diote, eta gaur egingo dute lehen entsegua Alegiako kultur etxean."Ez da urte erraza izan bi abesbatzentzat", adierazi dute. Orain dela gutxi arte ez dute jakin noiz iritsiko zen kantura itzultzeko eguna.

Segurtasun neurriak hartuta ekingo diete euren jardunari, Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean. Taldeko txikienak 19:30etik 20:30era, eta helduak 21:00etatik 22:30era ariko dira kantuan. Abeslariek segurtasun protokoloa bete beharko dute, besteak beste, eskuak ondo garbitu, tenperatura hartu, maskara erabili eta entsegu bakoitzean erabilitako materiala desinfektatu beharko dituzte.

Urte berezia da Txintxarri abesbatzarentzat, aurten 60 urte bete baititu. Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuta zituzten, baina COVID-19arengatik bertan behera utzi behar izan dituzte. Hurrengo asteetan aztertuko dutela esan dute nola eta noiz egingo dituzten 60. urteurreneko ospakizun emanaldiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!