Patxi Renobales alegiarrak duela hamar bat urte osatu zuen kamioien bilduma, eta kaxetan gordeta eduki ostean, orain, erakusgai jartzea erabaki du Erretirodunen tabernan.

1957 urtearen bueltan Espainiako errepideetan ikusten ziren kamioiak dira. 95 guztira. Patxi Renobales alegiarrak osatu zuen bilduma duela hamar bat urte, eta pena bakarra izan du: «Bosten faltan geratu nintzen, eta orain ere hor nabil Internet bidez aurkitu nahian».

Ia kasualitatez osatu zuela bilduma esan daiteke. «Tolosako liburu denda baten paretik pasa nintzen, eta erakusleihoan zegoen kamioia gustatu eta erosi egin nuen». Egun batzuetara pasa, eta beste bat zegoenez, hura ere bai, eta horrela, 95ak osatu arte. «Bilduma bat zela esaten zidaten, baina dagoeneko 40 bat nituen erosita, eta ez zekiten esaten zenbatekoa izango zen», gogoratzen du. «Liburu dendara sartu, eta hemen da kamioizalea esaten zidaten. Bukaerarako gordeta edukitzen zizkidaten». Bildumak egin zalea dela aitortu du. «Pegatinekin hasi nintzen, pinak, zigiluak, autoak... bilduma asko ditut eginda», dio.

Beti zerbait egitekotan zen kamioiekin, baina konfinamenduan hartu zuen Alegiako Erretirodunen tabernan erakusketa jartzeko erabakia. Kamioi bakoitzari bere karteltxoa jarri dio, eta goiz pare bat behar izan zituen kamioi guztiak txukun eta erortzeko arriskurik gabe lotuta jartzeko. «Lan handia du, eta behin jarriz gero ezinda hilabete baterako izan», adierazi du. Ez du zehaztu noiz arte egongo diren Erretirodunen tabernan, baina «urtebeteren bat» bota du.

Hizketarako gaia sortu du, eta galdezka ere gerturatu zaizkio herritarrak: «Ez nuen uste jendearen artean horrenbeste hitz egiteko emango zuenik».

Trastelekuan izan ditu gordeta txukun-txukun bakoitza bere kaxan. Orain, ordea, erakusketa jartzeko kamioi bakoitzak zuen kaxa bota egin du: «Delikatuak dira jarri eta kendu ibiltzeko, eta leku asko behar da eta, etxean behintzat ez ditut gordeko», argi utzi du. «Beste nonbait erakusketa jartzeko aukera izanez gero eramango nituzke, edo kultur etxean jarri...». Airean utzi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!