Telefono bidez emango diote jarraipena tapoien bilketa solidarioari

Ataria 2020ko irailaren 22a

2016ko otsailetik elkartasun ekimen bat martxan jarria dute Alegian. Plastikozko tapoiak biltzen dituzte, eta horiekin gaixotasun arraroak dituzten haurrek tratamenduak jaso ahal izateko bitartekoak lortzen laguntzen da. Urte horietan hainbat kasutarako ekarpenak egin dira, eta orain hiru urte dituen Alba haurrari laguntzeko ari dira bilketa egiten.

Martxora bitartean tapoiak kultur etxean biltzen ziren, baina "COVID-19ak eragindako osasun krisialdia dela eta, jada ez dira bertan biltzen", adierazi dute udaletik. Bilketa kudeatzen duen taldea hainbat herritarrekin jarri da harremanetan hemendik aurrera bilketa nola egingo den jakinarazteko, baina "ekimenean parte hartzeko asmoa izan dezaketen herritar gehiago egon litezkeela pentsatuta, informazioa zabaltzea erabaki dute".

Hemendik aurrera, bildutako tapoiak eman nahi dituenak 678 830 278 telefono zenbakira deitu behar du. Bertan emango diote non eta noiz utzi behar direnari buruzko informazioa. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete "urte hauetan guztietan ekarpenak egin dituzten herritarrei",  eta aldi berean, ekimenean interesa izan dezaketenak animatu nahi dituzte parte hartzera.

Bukatzeko, "plastikozko tapoiak soilik" biltzen direla gogorarazi nahi izan dute ekimenaren sustatzaileek, "hainbatetan baliagarriak ez diren beste material batzuk ere agertu direlako poltsetan".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!