Paula Del Pozo 11. helmugaratu da Europako Kopan

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 6a, 19:03
Paula Del Pozo, Europako Koparen proban, uretatik irten berritan.

Triatloilari alegiarraren lehen Europa mailako proba izan da. "Gustura" dago lortu duen emaitzarekin, baina azken aste honetan gorputzak ez diola nahi bezala erantzun gaineratu du.

Banyolesen (Katalunia) jokatu da gaur goizean junior mailako Europako Koparen proba, esprint modalitatean. Del Pozok 1.02.12ko denbora egin du, irabazlearengandik minutu bat eta 57 segundora amaituz. "Proba azkarra izan da", esan du alegiarrak. Igeriketako zatiaren ondoren, bigarren multzoan atera da, lehenengotik oso gertu. "Bizikletako zatian, nahiko gertu zegoen lehenengo multzoa, eta ikusi dudanean inork ez zuela kolaboratzen, nik egin dut tira, eta buelta eta erdi ondoren bi multzoak elkartzea lortu dut". Del Pozo aurrera egiten saiatu da: "Ikusi dut nire inguruan korrikalariak zeudela, eta ez zela batere erraza izango lehenengo postuetan sartzea; ihes egiten saiatu naiz bi edo hiru aldiz, baina ez didate utzi. Denak oso adi zeuden".

Korrikako zatia iritsi da, eta ondoen moldatzen direnak aurrera egin dute. "Saiatu naiz beraien atzean jartzen, baina bigarren itzulian asko kostatzen ari zitzaidan, eta hortik aurrera gozatzera joango nintzela erabaki dut", zehaztu du. "Proba nahiko taktikoa izan da". Parte hartzaile gehienak ezagutzen zituela azaldu du, baina proban aritu diren hiru portugaldarren berririk ez zuen. "Besteentzat ezagunak ziren, baina nire lehen nazioarteko proba izan da, eta ez nekien nola ariko ziren". Bestalde, azken astea fisikoki "pixka bat zaila" izan dela azaldu du alegiarrak: "Entrenamendutan ikusten nuen neguko denboraldiko denborak egiten ari nintzela, baina gorputza ez nuen gaur aurrekoekin lehiatzeko. Bizikletako zatian ikusi dut aukera gorputzari gehiago eskatzeko, eta hor gustura aritu naiz, eta indartsu sentitu naiz. Igeri eta korrika egiten pixka bat gehiago kostatu zait, eta korrikan normalean baino askoz gehiago kostatu zait". Sailkapenean aurrerago helmugaratu direnen pare aritzen da Espainiako txapelketetan, baina aste honetako sentsazioak ez dira izan ohikoak alegiarrarentzat, eta gaurkoan ezin izan du goragoko postuetan bukatu. Bide batez, proba horretan parte hartzeko Iñaki Arratibel Medikuntza eta AlegiSport babesleen laguntza eskertu du.

Errendimendu altuko zentrora

Madrilera joango da orain ikastera Del Pozo, errendimendu altuko Blume zentroaren beka jaso baitu triatloian. Beste pauso bat egingo du, beraz, alegiarrak bere kirol ibilbidean. Europa mailan dagoen triatloiko prestaketa gune garrantzitsuena dela azaldu du Del Pozok, bertatik hainbat Munduko txapeldun atera baitira. "Etorkizuneko kirolari bat izatetik errendimendu altuko kirolari izatera igaroko naiz", zehaztu du Del Pozok. "Pauso garrantzitsua izango da nire kirol ibilbidean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!