Liburutegiak eta gimnasioak ateak zabaldu dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ira. 3a, 07:57

Alegiako Udalak martxan jarri du kultur eta kirol etxea, eta liburutegia eta gimnasioa ireki ditu. Erabiltzaileek segurtasun neurriak errespetatu beharko dituzte, eta aurrez hitzordua hartu beharko dute.

Alegia Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxea itxita egon da abuztuan oporrak direla eta. Irailean sartuta, ordea, berriz ere, hainbat zerbitzu martxan jarrita ateak zabaldu ditu. Liburutegia eta gimnasioa izango dira erabiltzaileen eskura jarriko diren zerbitzuak. Udaletik jakinarazi dute, bi kasuetan uztailera bitartean indarrean egon den funtzionamenduarekin jarraituko dutela. Aurrez hitzordua hartu beharko dute erabiltzaileek, eta segurtasun neurriak errespetatu beharko dituzte. Kultur etxera sartzeko derrigorrezkoa da maskara erabiltzea eta sarreran eskuak desinfektatzea.

Liburutegiari dagokionean, liburuak maileguan hartzeko edo liburutegian egoteko hitzordua hartu behar da. Horretarako, 943 65 04 92 telefono zenbakira deitu behar da 17:00etatik 19:00etara, edo liburutegia@alegia.eus helbide elektronikora idatzita. Liburutegia erabiltzeko ordu tarteak zehaztu dituzte: 16:30-17:30; 17:30-18:30 edo 18:30-19:30. Ordu bakoitzean, liburutegi txikian zein handian gehienez ere 10 pertsona egongo.

Liburuak maileguan hartzeko ere liburutegiko arduradunarekin hitzordua adostu beharko da. Aldiz, liburutegian liburuak begiratu eta hautatzeko aukera izango da. Aldiz, 12 urtetik beherako haurrek heldu batekin joan beharko dute.

Gimnasioaren kasuan, aurrez hitzordua hartu behar da. 10:00etatik 13:00etara 943 65 46 98 telefono zenbakira deituta edo kultura@alegia.eus helbide elektronikora idatzita. Erabili nahi den astearen aurreko ostegunera bitartean eskatu ahal izango da hitzordua, eta ostiralean konfirmatuko da.

16:00etatik 20:00etara erabili ahal izango da gimnasioa, gehienez ordubetez. Sarrera nagusitik sartu eta kultur etxeko arduradunari jakinarazi beharko dio erabiltzaileak iritsi dela. Behin ordubeteko saiora sartuta, azken hamar minutuetan erabilitako materiala desinfektatuko du erabiltzaile bakoitzak, eskura izango dituen produktuekin. Bakoitzak bere ur botila eta bi eskuoihal eraman beharko ditu: bat izerdia kentzeko eta bestea makinetan erabiltzeko, beharrezkoa balitz. Horrez gain, kaleko oinetakoekin sartzea debekatuta egongo da. Aldagelak itxita egongo dira.

Egoeraren bilakaeraren arabera

Udalak oraingoz funtzionamendu horri eutsiko diola berretsi du, baina jakitun da egun gutxiren buruan egoera aldatu egin daitekeela: "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak herrietako instalazio publikoak eskolen esku jartzeko aukera jarri du mahai gainean eta horrek aurrera egingo balu, kultur etxeko funtzionamenduak eta ikasturte berriari begirako aurreikuspenak aldaketak jasango lituzkete". Beraz, ikasturtea eskoletan nola hasten denaren arabera zehaztuko dituela ikasturte berrirako eskaintzak eta aurreikuspenak argitu du Alegiako Udalak.

Udalak, beti ere, herritarrei egoeraren bilakaeraren berri emango die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!