Europa mailako lehen triatloi proba egingo du Paula Del Pozok

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 2a, 11:59

Paula Del Pozo, abuztuaren amaieran egindako Espainiako Txapelketan.

Igande honetan junior mailako Europako Kopako proba batean parte hartuko du triatloilari alegiarrak. Bosgarren egin berri du Espainiako Txapelketan.

Paula Del Pozo triatloilari alegiarrak Europako Kopako proban parte hartuko du igande honetan, Banyolesen (Katalunia). Lehen aldia izango da maila horretako lehiaketa batean parte hartzen duela, eta gogoz dago. Konfinamendua eta gero egingo duen bigarren proba da, abuztuaren 23an junior mailako Espainiako Triatloi Txapelketan parte hartu baitzuen, bosgarren postua lortuz.

Lehenengo txapelketa izan zen konfinamendua eta gero, eta inork ez zekien aurkarien maila nolakoa izango zen. Gainera, ezohiko moduan egin zen proba: erlojupeko bat izan zen, eta kirolariak 20 segundoz behin atera ziren. Kirolarien artean distantzia jakin bat egon behar zuen, kirol bakoitzean ezberdina eta norbait aurreratzerakoan modu jakin batean egin behar zen, distantzia mantenduz eta denbora zehatz batean. «Ni azken hamahirugarren atera nintzen, eta aurrean nituen zortzi kirolariek ez zuten hainbeste igeri egiten», azaldu du Del Pozok. «Beraz, igeriketako proban jendea pasatzen aritu behar izan nuen, eta hori oztopo izan zen proba nik nahi bezala egiteko. Bizikletan eta korrikan ere bai, beraz, azkenean denbora guztian oso azkar joan behar izan genuen, une oro egurra ematen».

Del Pozok gaineratu duenez, «ikaragarria izan zen esfortzu fisikoari dagokionez, eta buru aldetik ere oso gogorra izan zen, denbora guztian distantziak mantendu behar zirelako, eta aurkarien erreferentziak ez nituelako. Konfinamenduak utzi digunarekin, eta ondoren entrenatzeko izan dugun denborarekin, bi hilabete inguru, nahiko lan ona egin genuen eta oso gustura nago lortutako emaitzarekin».

Igandean egingo duen Europako Kopako proba ere, junior mailan eta esprint modalitatean izango da. Triatloilariek PCR proba egin beharko dute, eta negatibo eman beharko dute dortsala jaso ahal izateko. Gero, proba bera ohiko moduan izango da, eta, beraz, parte hartzaile guztiak batera aterako dira. «Europa mailako lehen proba izanik, disfrutatzera noa, esperientzia berri bat bizitzera, ikustera eta ikastera», esan du alegiarrak. «Lehiaketa ezberdina da, eta ondoan nazioarte mailako kirolariak ikusita beste motibazio bat ematen dizu. Lehen hamar edo hamabost postuetan egitea ondo egongo litzateke». Denak batera aterata, estrategiak erabiltzeko aukera ere izango dela azaldu du Del Pozok.

Igandean lehiatu eta gero, denboraldia amaitutzat emango du alegiarrak. «Ez dira txapelketa gehiago egingo, eta datorren astean lasai egon ondoren, denboraldiaurrearekin hasiko gara», esan du. Atletismoan ere aritzen da Del Pozo, eta antolatzen badira, krosetan parte hartzeko asmoa badu garaia iristen denean.

Konfinamendua bukatu eta gero, bazirudien lehiaketak antolatuko zirela, baina azkenean hainbat bertan behera geratzen joan dira. «Entrenatzeko motibazio bat behar izaten duzu, eta gogorra izan da ez jakitea noiz lehiatuko zaren; helburu bat ez duzunean, zaila da indartsu entrenatzea. Zentzu horretan denboraldi arraroa izan da», esan du alegiarrak. Espainiako Txapelketarekin lehiaren arantza kendu ahal izan zuen eta orain Europako Kopako probarekin beste pauso bat emango du bere kirol ibilbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!