5 euroko bonua erosi eta 10 kontsumitzeko aukera, Alegian

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 20a, 11:49

Udalak eta herriko hainbat saltokik eta negoziok elkarlanean sustaturiko kanpaina irailaren 30era bitartean luzatuko da.

COVID-19aren krisialdiak Alegiako merkataritzan eragin duen kaltea leuntzeko helburuarekin, Alegiako Udalak eta herriko hainbat saltokik eta negoziok elkarlanean herrian kontsumoa sustatzeko bonu sistema bat jarri dute abian. "Herritarrek 5 euroko bonuak erosteko aukera dute eta bost euro horiekin, hamar kontsumitu ahal izango dituzte beraiek aukeratzen duten saltoki edo negozioan. Ekimena irailaren 30era bitartean egongo da martxan".

Bonuak erosteko 18 urtetik gora izan beharko dira eta alegiarrek zein kanpokoek erosi ahal izango dituzte. Uztailean eta irailean kultur etxean erosi beharko dira 16:00etatik 20:00etarako ordutegian eta abuztuan kultur etxean 10:00etatik 13:00era. Bonoak erosterakoan zein saltokitan erabiltzeko den zehaztu beharko du kontsumitzaileak eta saltoki berean kontsumitzeko bi bonu erosi ahal izango dira gehienez. Ekimenarekin bat egin duten saltoki edo negozioek beraien lokalen sarreran bonuak bertan erabili daitezkeela adierazten duen kartel bat dute eta bonuak erosterakoan ere kontsultatu ahal izango da.

"Itxialdian zerbitzua eskainiz ahalegin berezia egin duten saltokiei eta egoerak hala behartuta itxita egon behar izan dutenei bultzadatxo bat emateko aukera eskaintzen du bonuen ekimenak", azaldu dute udaletik. "Aldi berean, herrian kontsumitzeak Alegia eta alegiarrei onura besterik ez diela ekartzen azpimarratu nahi da. Izan ere, zerbitzuz ondo hornituriko herri batek bertako jendea bertan kontsumitzera bultzatzen du eta horrek herriari bizia ematen dio. Udaletik eskerrak eman nahi zaizkie ekimenarekin bat egin duten merkatariei eta herritarrei bonuak erosteko gonbitea luzatzen zaie".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!