Herriko festa eguna etxean ospatzeko egitaraua prestatu dute Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko uztailaren 15a

Alegiako Udalak herriko festa eguna, hau da, Karmen eguna etxean ospatzeko egitaraua prestatu du. Arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei.

Koronabirusa dela eta, Alegiako Udalak Karmen festak bertan behera utziak zituen, baina, Festa batzordeak biharko eguna etxean ospatzeko egitaraua prestatu du.

Bihar, hilak 16, goizean balkoi dotoreenaren lehiaketako irabazleen berri emango dute udaletxeko webgunearen eta sare sozialen bidez. 16:00etan, Sutarri dantza taldeak prestatu duen bideo bat eskainiko da www.alegia.eus webgunean eta Facebook zein Twitterreko profiletan. Urtero egiten du jendaurreko emanaldia dantza taldeak, eta aurten beste modu batera egingo den arren, herritarrek emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Eta eguna bukatzeko, 21:00etan balkoietan txintxarriak joz agurtuko dute eguna.

Udaletik herritarrei arduraz jokatzeko deia egin diete: "Jende pilaketak ekidin behar dira, eta maskararen erabilera gomendatzen da, segurtasun distantzia mantentzearekin batera".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!