Alegiako Udalak maskarilak une oro erabiltzeko eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko gomendioa egiten die herritarrei

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 14a, 13:33

Azken astean bi herritarrek eman dute positibo COVID-19arekin. Gomendioen inguruan, "kutsatzeak ekiditeko modurik eraginkorrenak dira eta norberaren zein ingurukoen osasuna babesten dutela" esan du udalak.

Alegiako Udalaren esanetan, "bistakoa da COVID-19aren aurkako babes neurrien inguruan erlaxatu egin garela azken asteetan. Dena den, birusak gure inguruan jarraitzen duela ukaezina da".

Udalak, maskarilen erabilera eta segurtasun zein higiene neurriak hartzea sustatu nahi ditu herritarren artean. "Azken astean Alegian bi kasu agertu dira eta Tolosaldean orotara 19. Horren aurrean, kutsatze gehiago ekiditeko modurik eraginkorrena norberak duela bere esku gogorarazi nahi da".

Lasaitasun mezua

Aldi berean lasaitasun mezua zabaldu nahi izan du Alegiako Udalak, baina ondorengoa gogoratuz: "Maskarilak erabiltzea eta segurtasun zein higiene neurriak hartzea gutariko bakoitzak egin beharrekoak dira eta horrekin, gure burua zein gure ingurukoak babesten ditugu".

Ondorioz, Alegiako Udalak herritarrei maskarila une oro erabiltzeko deia egiten die. Bai eremu irekietan zein itxietan. Horrekin batera, pertsonen arteko metro eta erdiko distantzia gordetzea ere eskatu du eta eskuak sarri garbitzea gel desinfektantearekin. "Neurri horiekin batera, arduraz eta zentzuz jokatzeko deia egiten da. Jende pilaketak ekiditea eta jendea pilatu dezaketen ekintzak ez egitea".

Udalak esan du jakitun dela gauzak normal joan balira aste honetan herriko jaiak ospatzekoak zirela, "baina aurtengo egoera kontuan izanda, ospakizun masiboak beste baterako uztea eskatzen da, denon osasuna bermatze aldera. Orain zentzuz jokatzeak etorkizunean kezka eta estuasun gutxiago eragingo ditu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!