Astelehenetik aurrera Elorri pilotalekua erabilgarri egongo da

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 24a, 10:07

Alegiako Udalak frontoia zabalduko die herritarrei, baina ordubeteko txandak izango dira, hitzorduarekin.

Alegiako Udalak Elorri pilotalekua irekiko du astelehenean, hilaren 29an. Udal eraikin guztiek bezala, herritarrek baldintza bereziak bete beharko dituzte, eta astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:30era erabili ahal izango da. Hitzordua hartu beharko da, eta ordubeteko txandak izango dira.

Erabili nahi duenak hitzordua hartu nahi den astearen aurreko ostegunera bitartean hartu ahal izango du ordua. 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu beharko da 10:00etatik 13:00etara, edo kultura@alegia.eus helbide elektronikora mezua idatzi.

Kultur etxeko sarrera nagusitik sartu beharko da maskara eta guzti, eta erabiltzaileek harrerako arduradunari jakinarazi beharko diote iritsi direla. Identifikazio dokumenturen bat eraman beharko da. Ordubeteko txandak izango dira, eta aldiko gehienez lau pertsona sartuko dira. Momentuz ez dute asteko ordu kopuru mugarik jarri, baina egiten diren erreserbak aurreko asteko ostiralean konfirmatuko dituztela jakinarazi dute udaletik. Ahalik eta erabiltzaile gehienek pilotalekua erabiltzeko aukera izatea dute helburu.

Saio bakoitzeko azken bost minutuetan erabiltzaileek ukitzen dituzten gainazal edo materialak desinfektatu beharko dituzte eskura izango dituzten produktuekin. Horrez gain, ur botilak, izerdia lehortzeko eskuoihalak... norberak bereak eraman eta erabili beharko ditu. Hori bai, bi eskuoihal eraman beharko dira: bat izerdia lehortzeko eta bestea gainazaletarako. Kaleko oinetakoekin sartzea debekatuta egongo da, beraz, pilotalekura sartzerako oinetakoak aldatu beharko dira. Aldagelak eta harmailak itxita egongo dira.

Herriko kirol taldeek eta bazkideek izango dute lehentasuna, eta ondoren, bazkide ez diren herritarrek izango dute aukera. Guztiei neurriak errespetatzea eta betetzea eskatzen zaie.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!