Alegian gimnasioa astelehenean irekiko dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 17a, 16:00

Alegiako Udala pausoz pauso ari zerbitzuak irekitzen, eta gimnasioa ere neurri bereziekin irekiko du.

Alegiako Udala pixkana zerbitzuak berrezartzen ari da beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak hartuta. Datorren astelehenean, hilak 22, gimnasioa irekiko dute. Erabiltzaileek astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara erabili ahal izango dute.

Nahitaezkoa izango da aldez aurretik hitzordua hartzea telefono bidez edo idatziz. 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu beharko da 10:00etatik 13:00etara bitartean, edo idatziz kultura@alegia.eus helbide elektronikora. Hitzorduak hartzeko erabili nahi den astearen aurreko asteko ostegunera bitarteko epea egongo da. Kultur etxeko sarrera nagusitik sartu eta atera beharko da, eta erabiltzaileak harrerako arduradunari jakinarazi beharko dio iritsi dela. Identifikaziorako dokumenturen bat gainean eraman beharko da, eta derrigorrezkoa da maskara jantzita sartzea.

Bazkide direnek lehentasuna izango dute, eta eguneko sarrera ordaintzen duten erabiltzaileek ere erabiltzeko aukera izango dute. Ordubeteko txandak izango dira, eta gimnasioan aldiko gehienez ere lau pertsona egongo dira. Hasiera batean ez dute asteko ordu kopuru mugarik jarri, baina egiten diren erreserbak aurreko asteko ostiralean konfirmatuko zaizkie erabiltzaileei. Helburua «ahalik eta erabiltzaile gehienek gimnasioa erabiltzeko aukera izatea da», adierazi dute.

Hori bai, saio bakoitzeko azken hamar minutuetan erabiltzaileek erabilitako makinak desinfektatu beharko dituzte bertan eskura izango dituzten produktuekin. Erabiltzaileei «neurriak errespetatzea eta betetzea» eskatu die udalak, «gimnasioa segurtasunez erabili ahal izateko».

Ur botilak, izerdia lehortzeko eskuoihalak... norberak bereak eraman eta erabili beharko ditu, eta gutxienez bi eskuoihal eraman beharko dira. Bat izerdia kentzeko, eta bestea makinetan erabiltzeko, beharko balitz. Horrez gain, kaleko oinetakoekin sartzea debekatuta egongo da. Gimnasiora sartzerakoan oinetakoak aldatu beharko dituzte. Gainera, aldagelak eta komunak itxita egongo direla aurreratu dute.

Bukatzeko, kultur etxeko bazkide izan eta kuota helbideratuta duten erabiltzaileei ez zaiela urteko bigarren zatia kobratuko esan dute udaletik: «Uztailaren 5ean zen egitekoa kobrantza hori, baina egoera ikusita, udalak ez du urteko kuotaren bigarren zatia kobratuko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!