Astelehenetik aurrera liburutegiko mailegu zerbitzua, martxan

Ataria 2020ko ekainaren 13a

Alegiako Udalak herriko liburutegiko ateak zabalduko ditu mailegu bidezko eskaerak egiteko. Erabiltzaileek liburuak telefonoz edo emailez eskatu beharko dituzte, eta jasotzera pasatzeko hitzordua emango zaie.

Alegiako Udala pixkanaka zerbitzuak berrezartzen ari da beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak hartuz. Astelehenetik aurrera liburutegi zerbitzua martxan izango da berriz ere. Zerbitzua martxan jartzeko hainbat neurri hartu ditu, ordea, eta mailegu zerbitzua soilik eskainiko da.

Liburuak eskatu ahal izateko telefonoz deitu beharko da, edo helbide elektroniko bidez mezua idatzi beharko da.

Telefonoz eskatzeko, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara deitu ahal izango da 943 65 04 92 telefono zenbakira. Eskaera egiten denean, liburutegiko arduradunarekin liburua jasotzeko hitzordu bat adostuko da. 

Helbide elektroniko bidez, aldiz, liburutegia@alegia.eus helbidera idatzita egin ahal izango da eskaera, eta mezua bidaltzerakoan harremanetarako telefono zenbaki bat jarri beharko da.

Behin liburua eskatuta, erabiltzaileek, maskararekin joan beharko dute liburuak jasotzera edo itzultzera. Hartu diren segurtasun neurriak errespetatzea eskatzen die herritarrei udalak. Liburuak itzuli ostean, "desinfektatu egin behar dira eta ondorioz, litekeena da liburu batzuk erabilgarri ez egotea hainbat egunetan", adierazi dute. Egoerak ahalbidetzen duen neurrian bertan egoteko aukera eskaini ahal izatea du  asmoa udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!