"Euskara maila baxuagoa dutenengan zein eragin duen aztertu nahi dut"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 3a, 19:59

Hiznet Plangintza Graduondokoa egiten ari da Antton Cuadrado, eta sare sozialen bidez galdetegi bat zabaldu du 'Egunean Behin' aplikazioak euskararen erabileran duen eragina aztertu ahal izateko.

Nahiz eta Geografian lizentziatua izan, euskarak beti izan du tokia Antton Cuadrado Iraolaren bizitzan (Alegia, 1987). Pasaiako udaletxeko euskara sailean egiten du lan. Bere lanean sakondu nahi du graduondokoarekin.

Euskal Herriko Unibertsitateko Hiznet Plagintza Graduondorako ikerketa egiten ari zara. Zer nolako graduondoa da?

Ikasturte bateko iraupena du. Hizkuntza plangintzari buruzko ikasgaiak dira. Teoria orokorrak edo horiei buruz egin diren ikerketen teoriak ikasten dira. Hizkuntza plangintza lan munduan, administrazioan edo ziurtagirien eragin eremu horretan; hainbat aplikazio praktiko ere ikasten dira.

'Egunean Behin' aplikazioa aukeratu duzu euskararen erabileran duen eragina aztertu nahian. Zergatik?

Iruditzen zait gaur egun Internetek indar handia duela. Esan dezakegu, adibidez, euskararen normalizazioan hezkuntza izan daitekeela eremu handi bat, lan eremua izan daiteke eragiteko beste gai potolo bat, baina aisialdia, Internet, sare sozialak eta aplikazioak indar handia hartzen ari direla iruditzen zait, eta gero eta indar handiagoa gainera. Hor ere eragiteko beharra ikusten nuen. Gainera ni zalea naiz, eta asko gustatzen zaizkit Egunean Behin moduko aplikazioak, eta baita telebistako galdera programa horiek ere. Horiek biak uztartzen zituen gaia iruditzen zitzaidan aplikazio hau, arrakasta handiko aplikazioa, eta horri eustea erabaki nuen.

Jende asko mugitzen du.

Bai. Egia esan arrakasta handia izan du. Urtebeteko ibilbidea duen aplikazioa da, eta 100.000 pertsonatik gora dira erabiltzaileak. Euskarazko aplikazio batentzat kopuru handia da.

Galdetegi bat prestatu duzu zure ikerketarako.

Hori da. Erabiltzaileek zein iritzi duten jakin nahi dut, zein erabiltzaile mota den eta Egunean Behin nora iristen den jakin nahi dut. Nire inguruko jendearen artean zabaldu dut whatsapp bidez, eta zabaltzeko eskatu diet. Facebook eta Twitterren ere zabaldu dut, euskaldun tipologia edo zein motako jendearengana iristen den ikertu nahi dudalako.

Zein motako galderak dira?

Galdera orokorren artean, adina, nongoa den eta ikasten edota lanean ari den daude. Gero zein euskara maila duen, zenbat erabiltzen duen egunerokoan, zenbat taldetan jolasten duen Egunean Behin aplikazioan, euskararen erabileran zenbateko eragina duen uste duen, edota zer gustatzen zaion eta zer hobetuko lukeen.

Galdetegi laburra da.

Bost minutu ere ez dira behar betetzeko. Hamabost bat galdegai dira.

Erantzun ona ari da izaten?

Mila erantzunetik gora jaso ditut dagoeneko, eta ni ere harrituta nago. Horrek erakusten du gaur egun zein indar duten Internetek eta sareek; zenbat pertsonengana iritsi daitekeen gailu ezberdinen bitartez. Aplikazioak arrakasta duen moduan, uste dut jendeak ere gogoz hartu duela galdetegia. Motza da, eta jendea erantzuten ari da.

Noiz bukatuko da galdetegia betetzeko epea?

Aste honen bukaerarako itxi egingo dut, eta erantzunak aztertzen hasiko naiz.

Galdetegia bete nahi duenak non aurki dezake?

Nik nire sare sozialetatik zabaldu dut, baina Codesyntax enpresa da aplikazio hau sortu duena, eta beraiekin ere elkarrizketa bat izan nuen, eta beraien blogean jarria dute. Sustatu.eus-en aurkitu daiteke galdetegia.

Zenbat eta erantzun gehiago hobe, edota lan handiagoa da zuretzat?

Bietara. Informazio gehiago izango dut, eta emaitza nolabait osoagoa izango dut. Baina iritzi guzti horiek prozesatzen lan handiagoa izango dut.

Begiratu duzu zerbait?

Zenbatek erantzun duten begiratzera sartzen naiz, baina iritziak banan-banan aztertzen ez naiz hasi oraindik.

Zer topatzea espero duzu?

Orokorrean, euskaraz jakin behar du noski, eta euskara maila altua da. Momentuz gipuzkoarrak dira gehien erantzun dutenak. Baina niri euskara maila baxuagoa duten horiengan zein eragin duen aztertzea gustatuko litzaidake, edo zertan lagundu dieten. Ea aplikazioak euskararen erabilera hori areagotzen lagundu ote dien edo euskarara hurbiltzen... Ea benetan zein ekarpen egin duen. Euskaratik urrunago dagoen hori zergatik hurbildu den aplikazio honetara aztertu nahiko nuke.

Horiengana iritsi nahiko zenuke?

Bai, fokua hor jarri nahiko nuke. Euskararen normalizazioan aurrera begira nola eragin beharko genukeen ikusteko. Niretzat oso garrantzitsua da erabiltzaileen iritzia jasotzea. Nola eragin duen jakiteko erabiltzaileek hitz egin behar dute.

Zure lanerako baliatu nahi duzu graduondokoa, ezta?

Pasaiako udaleko euskara sailean nabil lanean eta gure lana euskara indartzea da. Herrian, lan munduan, eskolan, aisialdian, Euskaraldia dela hizkuntza ohituretan eragiteko,... Hainbat alor ukitzen ditugu. Guzti horretan nik ere oinarri sendoago bat izateko ari naiz egiten graduondoko hau.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!