Alegiako festak eta San Joan Sua bertan behera

Ataria 2020ko ekainaren 3a

Uztailean ospatzeakoak ziren herriko festak ez egitea erabaki du Alegiako Festa Batzordeak, "COVID-19ak eragindako ezohiko egoera" medio.

Festa batzordearen esanetan "guztion osasuna lehenestea da helburu nagusia eta osasun agintariek emandako gomendioak jarraituz, uztailean ospatzekoak ziren jaiak ez dira normalean ezagutu izan ditugun bezala ospatuko. Jende pilaketak ekiditea eta segurtasun distantziak mantentzea da ez kutsatzeko modurik eraginkorrena eta festetan egiten diren ekitaldi askok ez dute hori bermatzen".

Erabakia festa batzordearen gustukoa ez dela izan jakinarazi dute, baina "baina bizi dugun egoeran arduraz jokatzea tokatzen da eta zentzu horretan hartutako erabakia izan da".

San Joan Surik ez

Ezohiko egoerak bertan behera utzi duen beste ekitaldietako bat San Joan Sua izan da. Ekainaren 23an ez da plazan surik piztuko. "Herritar asko elkartzen da egun horretan plazan suaren bueltan baina aurten, zoritxarrez, ez da halako ekitaldirik egiteko baldintzarik ematen", azaldu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!