Herriko saltokietan kontsumoa sustatzeko kanpaina hasi du udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 21a, 12:00

Alegiako Udalak 'Egin bizia herri bizian' kanpaina abiatu du; kanpainako lehen fase honetan, saltokiek herriarentzat duten garrantzian egin nahi du azpimarra.

Covid-19 iritsi aurretik ere, herri askotan egin izan dira herriko komertzio txikia babestu eta indartzeko ahaleginak, baina, orain, Alegia Udalak duten garrantzian jarri nahi du azpimarra. Egin bizia herri bizian kanpaina jarri du martxan eta herriko merkatariek osatzen duten altxorra nabarmentzearekin batera, berau osatzen duten elementuak herritarrei hurbiltzea du helburu.

Kanpainak urrats ezberdinak izango ditu. Gauzak horrela, «egunotan saltoki inguruetan merkatariei eskertza adierazten dieten kartelekin batera, hurrengo urrats batean bezeroek saltoki horietan jaso beharreko zerbitzua segurtasun osoz jaso ahal izateko bete beharreko neurrien berri emango da», argitu dute.

Hirugarren urrats batean, udalak herriko zerbitzuen gida osatu bat jarriko du herritarren eskura.

Koronabirusaren krisialdiak eragindako itxialdi garaiak «modu nabarmenean azaleratu du herrietan zerbitzuak izateak duen garrantzia», esan dute udaletik, eta «behar genuen guztia herrian bertan erosi beharrean aurkitu gara, eta ezinbestekoak diren sektoreetako saltokiek erakutsi duten prestutasunak frogatu du Alegia bizia duen herria dela».

SEGURTASUN NEURRIAK

Gogora ekarri dute udaletik, alarma egoera indarrean jarri zenean bertan hasi zirela merkatariak baldintza berrietara egokitzen: «Zerbitzua eskaintzen jarraitzeko aukera izan dutenek segurtasun eta higiene neurriak bermatuz lan egiten ikasi behar izan dute». Neurri berean, kontsumitzaileek ere, arau eta baldintza berrietara egokitu behar izan dute.

Duela egun gutxi bitarte, ezinbestekotzat jo ez diren sektoreetako jarduerek ateak itxita egon behar izan dute, eta batzuk, gaur, oraindik itxita jarraitzen dute. Baina ez direla geldirik egon argi utzi nahi du Alegiako Udalak: «Egoera berriak eskatzen dituen baldintzetara egokitzen aritu dira, berriz ere zerbitzua eskaintzeko modua izaten dutenerako guztia prest izateko helburuarekin».

Alegiako merkatariek herria bizirik mantendu dutela gogoan izatea nahi du udalak, eta horretan jarraitzen dutela ezohiko egoera honetan: «Orain herritarroi dagokigu herria bizirik mantendu dutenei bizia ematea».

Aldi berean, «beharra izan dugunean hor egon dira, eta orain eskaini diguten zerbitzu hori eskertzeko aukera dugu», azpimarratu du.

Bukatzeko, Alegiako Udalak gogoan izatea nahi du: «Gure esku dago orain bizia eman digutenei bizia ematea. Herri bizi batean bizia egiten badugu, denok aterako gara irabazten».

Alegiako Udalarentzat, itxita ala irekita, herriaren taupada dira saltoki eta tabernak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!