Egunotan balkoi ertzetan dauzkagu mugarriak, inoiz baino labirintoago bihurtu dira ohiko bizilekuak, eta telefonoek ez diraute mutu gure egongeletan. Mugaz hona gertatzen denaz galdetzeko aprobetxatu beharko dugu, beraz, etxi-etxian, hizkuntzaz ari garenean ere.
Galde genezake, esaterako, euskarazko pelikularik ikusi dugun, ala Netflixen Espainian gehien ikusten den huraxe den hautatzen duguna, denbora pasa ezinik gauden uneetan; irakurri ote dugun libururik, eta irakurri badugu, ea zein hizkuntzatan egin dugun, ba ote dakigun zer argitaratzen den, armiarma.eus ezagutzen dugun ala umeek bakarrik irakurtzen ote duten euskaraz; zein irratitan entzuten dugun albistegia, ohartu ote garen ETB1 eta ETB2ko programazioaren aldeaz; zein egunkaritan jasotzen ditugun koronabirusaren datuak etxetik noiz irtengo garen kalkulatzeko; zer musika entzun ote dugun Mikel Landarena arrabolan egiten ari garenean, edo sofan zeharretzanean gaudela, ariketa fisikoa egiteko aholkuekin nazkatuta; alegia, zer ohitura ditugun kultur kontsumoari dagokionez.
Galde genezake, baita ere, zein hizkuntzatan ari garen etxeko txikiekin, eskolako lanak egitean zein jolasean; haiek bistan ez daudela berdin egiten ote dugun bikotekidearekin, kontu inportanteez aritzeko; ohiko pintxo-potearen ordez online elkartzen garenean nola aritzen garen; haserretzen garenean zer esaten diegun anai-arrebei edo gurasoei; animoak nola bidaltzen ditugun Whatsappez. Alegia, zein hizkuntza ohitura dugun gure artean, gure etxean.
Baina alferrik da gehiago luzatzea adibideetan. Gatozen harira. Datuek diote Tolosaldean %80 inguruk ezagutzen duela euskara eta %50ek egiten duela etxean. Horrez gain, herri batzuetan (neronenean kasu), kalean baino hamar puntu gutxiago egiten da euskaraz etxean. Zer pentsatua ematen du. Askotan esan izan da egoera diglosikoan bizi garela euskaldunok, eta hori arazo larritzat hartu dugu: informalki euskaraz egiten da, baina funtzio formaletan erdaraz. Ez dirudi, ba, egia osoa. Adituek diotenez, Tolosaldean eta antzeko inguruneetan arazoa alderantzizkoa da: muga desagertu egin da, eta erdara etxeko labirintoaren azken salaraino sartua dago.
Hartaz gogoeta egiteko gonbita dator euskaraldi berrituarekin. Bidegurutzean gaudela diote soziolinguistek euren liburuetan; aprobetxa genezake itxialdia hausnarkiketa batzuk berrirakurtzeko.