Koronabirusa

Kaleko katuei jaten ematen dieten eta txakurrak dituzten herritarrei mezua, udaletik

Ataria 2020ko apirilaren 22a

Alegiako Udalak kaleko katuei jaten ematen dieten eta txakurrak dituzten herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die. Kaleko katuei jaten ez zaiela eman behar, eta txakurren hondakinak jasotzearen beharra eta lotuta eraman behar direla gogorarazi die.

Alegiako Udalak bizi den ezohiko egoera honetan, "arreta puntu nagusia" Covid-19 birusak eragindako "osasun krisia" dela azpimarratu nahi izan du. "Herritarroi segurtasun eta higiene neurriak muturreraino zaintzea eskatu zaigu, eta horrekin lotuta, inguruaren zaintza eta higiene neurriak hartzea ere badagokigu", ekarri du gogora. "Kaleko katuei jana uzten diete hainbat herritarrek aspaldidanik. Bada, asmo onez egindako ekintza horrek mesede baino kalte gehiago ere egin dezake. Izan ere, katuentzat jana uzten den puntuetan arratoien presentzia somatu da, eta horrek lehenaz gain, beste osasun arazo bat eragin dezake", azaldu dute udaletik. Beraz, katuei jana ematen dieten herritarrei, "jana ez ematea" eskatzen zaie udaletik, eta modu horretara herritarrak, "kalera ateratzea ere ekidinez".

Katuak albo batera utzi, eta txakurren jabeengana zuzendu da Alegiako Udala: "Alarma egoera indarrean jarri zenetik, txakur gorotzak ugaritu egin dira herriko hainbat puntutan". Honenbestez, txakurrak dituzten herritarrei gogorarazten die, "txakurren hondakinak jasotzea nagusien betebeharra da", eta bide batez, txakurrak lotuta eraman behar direla ere adierazi die. Bukatzeko, eta arduraz jokatzen ez bada, "udala beste neurri batzuk hartzera behartuta egongo da", argitu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!