Alegian pertsona bati gasolina bota diotela salatu dute; informazio eske dabiltza

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 11a, 14:50

Alegiako Gazte Asanbladak salatu du erasoa. Gertakaria gaur 07:00ak inguruan izan dela azaldu dute, eta zerbait ikusi edo entzun duen herritarrei ondorengo telefono zenbakira deitzeko eskatu diete: 689 28 58 32.

Alegiako Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, gaur, 07:00ak aldera, herrian ezaguna den eta kalean bizi den pertsona bat erasotua izan da. "Gasolina bota diote burutik behera, eta begietan erredurak ditu".

Gertaeraren ondoren, zenbait herritar gerturatu zaizkio erasotuari laguntza eskainiz, eta gazte asanbladatik esan dutenez, "pertsona honen egoera hobera doa".

"Alegiako Gazte Asanbladako kideok eraso hau gogor salatzen dugu. Argi utzi nahi dugu gertaera hau osasun krisiaren testuinguruan gertatu dela eta erasotzailea, herriari ezarritako mugikortasun mugaz eta horrek dakarren zilegitasunaz baliatu dela erasoa anonimoki gauzatzeko. Osasun krisian zehar kalean bizi direnekin gorabehera gehiago ere izan dira, eta ondorioz, berriro ere antzekoak gertatzeko arriskua ikusten dugu", ohartarazi dute.

Azkenik, herritarrei informazioa eskatu diete, antzeko gertaerak errepikatzeko ikusten duten arriskuaren aurrean: "Hori dela eta, eraso hau ikusi edo entzun duen herritarrei eskatzen diegu, informazioaren bat baldin badute, mesedez, ondorengo telefono zenbakiarekin kontaktatzea: 689 28 58 32".

Alegiako Udalaren salaketa

Ohar bidez, udalak ere erasoa salatu du:

"Gaur goizeko lehen orduan Alegiako udaletxeko arkupean lo egiten duen pertsonak eraso bat jasan du. Lo zegoela gasolina bota diote gainera eta baita bere inguru guztian ere. Norbaitek 112ra deitu duela adierazi du Ertzaintzak eta deiari erantzunez,7:30ak inguruan  patruila bat eta anbulantzia medikalizatua etorri dira. Gertaerak sumindura arinen bat eragin dio begietan baina pertsona horrek, bere eskubideei eutsiz, laguntza eta lekualdatze eskaintzari uko egin dio. Garbiketa pertsonalerako eskainitako produktuak onartu ditu eta udaleko langileek ingurua garbitu dute. Udaletik Giza Larrialdietarako Foru Zerbitzuetara deituta, Udalak kasu horretan egin beharrekoa egin duela erantzun dute.

Denok dugu kalean bizitzeko eskubidea, eskubide unibertsala delako. Inor ezin da bere borondatearen aurka inora eraman. Udaletxeko arkupetan lo egiten duen eta erasoa jasan duen pertsona horrek ere eskubide horiek guztiak ditu. Alegiako Udalak erasoa modu irmoan salatzen du eta gizakion eskubideak errespetatzeko deia egiten du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!