Koronabirusa

Alegian ere herriko kaleak desinfektatu dituzte

Ataria 2020ko martxoaren 30a

Alegiako Udalak atzoko eguna baliatu zuen herriko kaleak desinfektatzeko. Alkatea eta zinegotziak aritu ziren lan horietan, herriko baserritar baten laguntzarekin.

Herriko gune ezberdinak eta herritarrak ibiltzen direnak garbitu edota desinfektatu zituzten traktorearen laguntzarekin.

Baratze parkea

Horrez gain, udaletik jakinarazi dute Beloztegiko baratze parkeko txabola itxita egongo dela egoera bere onera etorri bitartean. Erabiltzaileek barazkiak jasotzera joan ahal izango dute, baina "joan-etorrien ardura erabiltzaileena izango da". Hau da Alegiako Udalak garbi utzi nahi izan du: "Alarma egoera honetan baratzetarako desplazamenduak baimenduak ote dauden edo ez dion inolako komunikazio edo irizpide ofizialik ez dugu jaso udalean. Beraz, desplazamendu hauek norberak bere ardurapean egin beharko ditu eta Ertzaintzarekin topo eginez gero beraiek esandakoa bete beharko da, isuna jasotzeko arriskua ere egon daiteke Ertzainek desplazamendua justifikaziorik gabea dela irizten badiote".

Udal zerbitzua, modu telematikoan

Alegiako Udalak herritarrei zerbitzua eskaintzeko modu telematikoa erabiltzen jarraituko du: "Alarma egoera indarrean jarri zenetik, herritarren harrerarako bulegoak ez du aurrez aurreko zerbitzurik  eskaintzen", azaldu dute. 

Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eskaintzen da zerbitzua, eta 943 65 10 87 telefono zenbakira deitu edo udala@alegia.eus helbide elektronikora idatzi daiteke."Erantzuna ere modu berean emango da, eta bertan zehaztuko da dokumentazioren bat bidali beharko balitz, nola egin behar den. Hainbat izapide egiteko webgunea ere erabili daiteke".

Gizarte zerbitzuei dagokienean, gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituzte, eta zerbitzu anitzetako langileen inguruan, gutxieneko zerbitzuak eta larrialdiak bermatzeko langile kopuru bat egongo dela lanean ohartarazi dute.

Bukatzeko, "udalak ulermena eskatu nahi die herritarrei eta aldi berean eskerrak eman nahi dizkie egoera honetan erakusten ari diren jarrerarengatik".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!