Hondakin bilketan aldaketak izango dira koronabirusaren alarma egoerak irauten duen bitartean.
Errefusa jasotzeko edukiontzi grisak jarriko ditu herriko sei puntutan: Bideberrieta 3, San Juan kalea 93, Txintxarri plaza, Larraitz auzoa 3, Larraitz auzoa 40 eta Beistin auzoa.
Pixoihalak egunero utzi ahal izango dituzte herritarrek edukiontzi grisetan.
Medikuen aginduak jarraituz, COVID-19aren proban positibo eman dutenek edo berrogeialdian daudenek ez dute hondakin bereizketarik egingo, eta hondakin guztiak errefusaren edukiontzira bota beharko dituzte, ondo itxitako plastikozko poltsetan. Hondakin horiek egunero atera ahal izango dira.
Beste frakzioekin ohiko moduan funtzionatuko dela gogorarazi dute udaletik, eta azpimarratu kuboetan sartuta atera behar direla.
Hondakinak poltsetan zintzilikatzea edo lurrean uztea debekatuta dagoela azpimarratu dute, "osasun arazoa hedatzea ahalbidetu dezakeelako". Eskularruak inolaz ere ezin dira plastikoaren kubora bota, eta ahalik eta errefusa kopuru txikiena sortzea norberaren ardura da.
Aldiz, altzari eta hondakin handien bilketa zerbitzua bertan behera geratzen da alarma egoerak irauten duen bitartean.
Positibo eman edo berrogeialdian dauden herritarrentzako hondakinen inguruko informazioa helarazi du Tolosaldeko Mankomunitateak. Jarraian oharra:
COVID-19an POSITIBOA EMAN DUTENEN ETA BERROGEIALDIAN DAUDEN PERTSONEN HONDAKINAK KUDEATZEKO JARRAIBIDEAK
Trantsizio Ekologikoko Ministerioak emandako jarraibideak aintzat hartuta, COVID- 19aren proban positibo eman duten edota berrogeialdian dauden herritarrek EZ DUTE HONDAKINEN BEREIZKETARIK EGINGO eta HONDAKIN GUZTIAK ERREFUSAREN EDUKIONTZIETARA BOTA BEHARKO DITUZTE ONDO ITXITAKO PLASTIKOZKO POLTSETAN. Debekatuta dago, birziklatzeko beste edozein frakzioren (organiko, ontzi, paper, beita, arropa) edukiontzietan sartzea edo inguruan lurrean uztea.
Jarraibideak:
Lehen pausoa:
Gaixo dagoen pertsonak sortutako hondakin guztiak, eskularruak, zapiak, maskarak barne plastikozko lehen poltsan (1. POLTSA) sartuko dira, gaixoaren gelan jarritako zabor-ontzi batean (ahal bada, estalkia eta irekitzeko pedala duena).
Bigarren pausoa:
1. POLTSA behar bezala itxi eta gelako irteeratik gertu egongo den plastikozko bigarren poltsan (2. POLTSA) sartuko da. Bigarren poltsa honetan gainera, zaintzaileak erabilitako eskularruak eta maskara sartuko dira ere eta behar bezala itxiko da gelatik irten baino lehen.
Hirugarren pausoa:
2. POLTSA etxean sortutako gainerako hondakinekin batera (organikoa, ontziak, papera, beira, arropa...) plastikozko hirugarren poltsan (3. POLTSA) sartuko da, eta behar bezala itxiko da.
Laugarren pausoa:
Aurreko hiru pausoak egin eta berehala eskuak sakonki garbituko dira, ura eta xaboiarekin, 40-60 segundoz gutxienez.
Azken pausoa:
3. POLTSA errefusarentzako edukiontzian bakarrik sartuko da. Erabat debekatuta dago birziklatzeko beste edozein frakzioren (organiko, ontzi, paper, beita, arropa) edukiontzietan sartzea edo inguruan uztea.