"Liburua irakurtzen bukatu ez badute ere, lasai etortzeko esan diet"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mar. 11a, 09:21

Irakurle taldea jarriko dute martxan Alegian, eta Amaia Goikoetxea herritarra izango da dinamizatzailea. Liburutegian, bihar, 18:00etan elkartuko dira. Literaturari eta irakurleei lotuta egiten du lana 111 Akademian.

Kultura Batzordean sortutako ideiak gorputza hartu, eta Alegiako Irakurle Taldea martxan jarriko da, bihar. Herritarra duten Amaia Goikoetxea Orbegozo (Alegia, 1983) izango da taldea dinamizatuko duena. Basaurin bizi da, baina literaturak, beste behin, herrira ekarriko du.

Literaturak herrira ekarraraziko zaitu irakurle taldea dela eta, nolatan?

Kultura Batzordearen proposamena jaso nuen. Antza, kultura batzordeko kide batek egin zuen herrian taldea sortzeko proposamena. Nik Aralar Institutuko irakasleen irakurle taldea dinamizatzen dudanez, erreferentziaren bat edo bazuten, eta nirekin jarri ziren harremanetan dinamizatuko ote nuen jakiteko.

Eta bilera bat egin zenuten?

Oker ez banago urtarrilean egin genuen lehenengo bilera deialdi irekia eginez, eta izugarrizko sorpresa hartu nuen. Espero baino askoz ere jende gehiago etorri zen taldean parte hartzeko prest zegoena.

Zirikatzaile lana egin duzu, edo taldearen ideia izan da?

Taldearena izan da, erabat. Behin deialdia egin zutenean, orduan, bai, nire inguruko jendeari deialdia pasa nion animatu zitezen. Baina hau, behin ideia martxan jarrita zegoenean izan da.

Zuk dinamizatzaile lanak egingo dituzu. Zein izango da zure egitekoa?

Alde batetik, irakurle saioetan landuko diren liburuen aukeraketa egitea izaten da. Aipatu dudan bilera horretan, planteatu nien nik proposamen batzuk egin nitzakeela, baina eurek ere proposamenak egin zitzaten nahi nuela; zein interes edo zein gustu zituzten. Hain zuzen, maiatzean landuko dugun liburua euren proposamenetik aukeratua izan da.

Biharko saioan 'Piztiaren begiak' landuko duzue.

Alberto Ladron Aranaren nobela beltza da; eta maiatzekoan Amets Arzallusen Miñanliburua izango dugu. Lehenengoa nik proposatu nuen irakurle taldera etorriko den jendearen profila zein den ikusita. Denetik dago. Batzuk badute euskaraz irakurtzeko ohitura, baina beste batzuk ez. Beste batzuk, taldera batu dira euskaraz irakurtzeko ohitura hartzen joateko. Horregatik saiatu naiz irakurtzeko erraza den, eta harrapatzen duen liburua aukeratzen; ahalegin handirik gabe eramaten zaituen horietako bat dela iruditu zitzaidan Piztiaren begiak.

Ohituta zaude dinamizatzaile lanak egitera.

Egia esan dinamizatuko dudan bigarren taldea izango da. Egunerokoan irakurleekin harremana badut, 111 Akademian horixe egiten dugulako. Euskal literaturari zuzendutako proiektua da, eta irakurleekiko harremana egunerokoa dut. Baina irakurle talde batean eseri, eta dinamizatzaile lana egiten Aralar Institutuan hasi nintzen.

Zer moduzko esperientzia izan duzu orain artekoa?

Oso ona. Oso aberasgarria da. Irakurri duzun liburua beste irakurleekin konpartitzerakoan konturatzen zara, irakurle bakoitzak liburu bat irakurtzen duela, nahiz eta liburu bera irakurri.

Irakurle taldea osatuta dago?

12-15 bat lagun elkartu zirela esango nuke, eta nahiz eta bileran horiek parte hartuko zutela ziurtatu, taldea irekita dago lehenengora edo maiatzerako joan nahi duenarentzat. Nahiz eta bileran ez izan, nahi duen guztiak parte hartu dezake.

Nahitaezkoa da liburua irakurrita joatea?

Irakurtzen hastea izango da baldintza. Taldera agertu ziren batzuk argi eta garbi esan zuten, haurrak direla, lana dela... seguru ez zekitela liburua bukatzeko modurik izango zuten. Hori erabat ulergarria egiten zait gaur eguneko bizitza erritmoa nolakoa den kontuan izanda. Nik pertsonalki baloratzen dudana da taldera etortzeko borondatea eta interes hori izatea. Horregatik esan nien, liburua irakurtzen bukatu ez badute ere, lasai etortzeko taldera.

Zein dinamika izango du taldeak?

Lehenengo saiakera honetan behintzat, bi hilean behin elkartuko garela zehaztu genuen. Eta udan balorazioa egin ostean, irailetik aurrera dinamika berarekin jarraitu edo ez erabakiko litzateke. Bi hilabeteko tartea utzi behar dela iruditzen zait.

Gero eta gutxiago irakurtzen dela esaten da.

Bai, badut sentsazio hori. Daukagun aisialdirako eskaintza hain da zabala eta hain da berehala kontsumitzekoa. Ez da erraza, horiek denak baztertu, eta liburu bati tokia egitea. Uste dut asko gustatu behar zaizula ohiko irakurle izateko. Irakurtzen duena esango dugu, bai dela fidela, baina orain hilabete batzuk euskal kulturaren kontsumoari begira ateratako datuetan, adierazpide guztien kontsumoak gora egiten zuen, irakurzaletasunarenak izan ezik. Oso adierazgarria da.

Adinak badu zerikusirik?

Gaztetan badago adin bat, umetan, nolabait eskolak behartuta edo etxean irakurtzen dute, baina badago adin bat ihes egiten dutena liburuetatik. Horietako batzuk, nerabezaroa pasatakoan itzuli egiten dira. Gazteen artean hutsune handia dago, eta gazteak irakurtzera behartuta ez da ezer lortzen. Beste formularen bat bilatu beharra dago.

Txikitatik eskura jarri behar zaizkie liburuak?

Noski baietz, aukera izan dezatela, eta agian errotuta geratu bazaie, behin nerabezaroa pasata itzuli daitezke batzuk. Hala ere nik beti esaten dut, zaletasun bat da, eta ez zaio mundu guztiari zertan gustatu. Horrela ere ikusten dut, eta muga non dagoen oso-oso garbi ez daukat.

111 Akademian egiten duzu lan. Zer da?

Euskal irakurle eta literaturazaleentzako sortutako plataforma bat da. Euskal irakurketa suspertzea du helburu, baina irakurlearen ikuspegitik beti. Proiektua 1996. urtean jarri zen martxan Beterriko liburua izenarekin; Euskal Herriko dimentsioa hartu du, eta izena aldatu zitzaion, 111 Akademia. Proiektuaren funtsa euskaldunak irakurketara edo euskal liburuetara erakartzea zen. Jende horri protagonismoa eman zitzaion, eta kontuan izan behar da garai hartan ez zegoela gaur egunean dugun internetik, eta bakoitzak bere iritzia emateko nahi zuen tokirik. Testuinguru horretan kokatu behar dugu. Irakurleei urtero, Euskal Herrian, sari bat hautatzeko eta izendatzeko aukera eman zitzaien.

Saria da urteko ekitaldi garrantzitsuena.

Sari horren bueltan, aldizkariak egon dira, egun webgunea ere badago, liburu aurkezpenak egin izan ditugu, baina helburua beti izan da protagonismoa irakurlegoari ematea. Oraintxe bertan, akademian izena emanda 200 bat irakurle ditugu. Eta horiek dira 111 Akademia saria nori eman aukeratzen dutenak. Nire lana irakurle horien jarduna koordinatzea da, besteak beste. Orain lanketa bete-betean gaude; otsailaren erdi aldera jarri genuen 2019ko saria nori eman erabakitzeko bozketa prozesua martxan, eta pasa den astean bukatu zen lehen fasea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!