M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

«Bila joan gabe etorri zaigu eta hartu egin dugu»

Irati Saizar Artola 2020ko mar. 6a, 08:59

Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano Alegiako Elizpe zineko oholtzan izango dira, gaur, trikiti eta panderoekin. Taldeaz aritu da Kristina Solano (Ereñotzu, 1976).

Lau pandero, lau soinu, lau ahots eta lau emakume. Horrelaxe aurkeztu dute euren burua AMAK taldeko kideek. Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano dira kideak, musika mundutik datozenak laurak; besteak beste, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar eta M-n Ezten taldeetan ibilitako musikariak dira.

Gaur bertan eskainiko dute kontzertua Alegiako Elizpe zinean, 22:00etatik aurrera. Sarrerak amaitu bitartean, Alegiako kultur etxean eskuratu ahalko dira. 

Hitzorduz betetako asteburua duzue aurretik. Urduri zaudete?

Urduri ez, gogotsu gaude. Momentua iristen denean beti jartzen zaigu urduritasun puntua, bestela, ez litzateke normala izango.

Hainbeste oholtza zapalduta ere iraun egiten du urduritasun puntu horrek?

Bai, beti izaten da, eta nik uste beharrezkoa ere badela. Lasaiegi hartuko bagenu, ez dakit ona izango litzatekeen. Niri behintzat, urduritasun puntu hori ondo etortzen zait.

Proiektu berri bat duzue eskuartean: AMAK musika taldea. Nondik, noiz, nola sortu da?

AMAK etorri egin zaigu, egia esan. Ez genuen inolako asmorik horrelako ezer sortzeko, eta bat-batean suertatu da. Jaialdi baterako deitu gintuzten Amaia [Oreja] eta ni, zerbait jo genezan. Aldi berean, Maixa [Lizarribar] eta Alaitzi [Telletxea] ere deitu zieten. Lau urte igaro ziren, eta urteurrena ospatzeko laurok elkarrekin joko ote genuen galde egin ziguten. Lau abesti jo genituen jaialdi hartan, eta hortik jaialdi gehiago eta gehiago etortzen hasi ziren, eta proiektuan murgilduta amaitu dugu. Bila joan gabe etorri zaigun zerbait izan da, eta hartu egin dugu.


Ordutik, buru-belarri ari zarete lanean.

Orain arte, lau abestiko errepertorio bat genuen, jaialdietan jotzeko. Orain, ia ordubeteko saio bat dugu prestatuta.

Sentitzen zenuten halako behar bat edo oholtzara bueltatzeko?

Nik nire kasuan, behar-beharra ez. Urte pare bat daramatzat nire anaiarekin bere proiektuan lanean, eta horrek pixka bat asetzen ninduen. Baina tira, beti izan naiz plazako emakumea, eta gustatu egiten zait hor egotea.

Lau emakume zarete, mundu bertsutik pasatuak. Erraza egin zaizue batera lan egitea?

Lanean jartzen garenean oso erraz ateratzen zaigu. Arazoa izaten da lanean jartzeko garaia aurkitzea, agendak ematen baitigu lanik gehien. Laurok ama gara, lana ere badaukagu eta elkartzea asko kostatzen zaigu. Esaterako, igandeak aprobetxatzen ditugu entseguak egiteko, astez ezin izaten dugulako, ez garelako iristen. Izan ere, bakoitza mila istoriotan sartuta gaude eta proiektu honek ere behar ditu bere orduak.


Aurrez ezagunak, lagunak izanda, nolako giroa daukazue taldean?

Oso ona. Laurak desberdinak gara, baina era berean berdinak ere bai. Lanean jarri behar denean, jartzen gara, baina bitarte horretan txantxetan denbora mordoa joaten zaigu. Entseguetan ere kosta egiten zaigu lanean hastean, baten kontuak eta bestearenak izaten baititugu.

Nolakoak dira zuen entseguak?

Azkena oso ona izan zen, asteburu honen aurretik ez geneukalako besterik. Gustura elkartzen gara, gure kontuez hitz egiten dugu lehenik, gure arazoez, kezkez. Behin dena kontatuta, hasten gara lanean.

Konfiantza hori beti da aldekoa? Esaterako, ausartzen zarete besteak egindako akatsak leporatzen?

Iruditzen zaiguna esan egiten dugu, bai; puntu horretan gaude. Esaterako, norbaitek abesti bat proposatzen badu eta bati gustatzen ez bazaio, esan egiten dugu. Gauzak esateko garai horretan ez daukagu lotsarik.

Aurpegi ezagunak zarete. Horrek presiorik eragiten dizue?

Presio hori jarri egiten digute. Honetan hasi garenean ez dugu halakorik sentitu, baina kanpotik, agian, ondo egin behar dugunaren sentsazioa nabaritu dugu. Baina tira, 40 urtetik gora goaz, amak gara eta defenditzeko moduan eramaten dugu.

Kontzertuen zerrenda luzea duzue dagoeneko. Batzu-batzuk eskaini ere egin dituzue. Zer moduzkoa izan da ibilbidearen hasiera?

Oso ona. Orexan eskaini genuen lehenengoetariko kontzertua eta espazioa bera, Ostatuko ganbara, zoragarria da. Oso-oso ondo pasa genuen guk, eta uste dut publikoak ere oso ondo pasatu zuela. Abenduan Arrasaten izan ginen eta han ere oso gustura aritu ginen, egia esan. Maixa bertako irakaslea da, eta ikasle mordoa gerturatu zen; harrera oso polita egin ziguten.

Errepertorioan zer aurki daiteke?

Azpimarratu nahiko nuke trikitia, panderoa eta ahotsa besterik ez daukagula. Ez daukagu atzean bandarik, eta horrek, pixka bat, mugatu egiten gaitu gauzak egiteko garaian. Gu ikustera doanak trikiti zalea izan behar du, trikitia baita gure errepertorioan erabat dagoena. Gure kantu berri batzuk dauzkagu, gure kantuen bertsioak ere egiten ditugu, eta baita beste artista batzuen abestiak ere. Gustukoen ditugunak eta gure estiloarekin ondo joan daitezkeenak hautatzen ditugu.

Zuk esan bezala, baxurik, gitarrarik, bateriarik gabe aritzen zarete. Bereziak zarete zentzu horretan behintzat.

Horrelaxe hasi gara, eta horrela mantentzea da gure asmoa, argi daukagu hori. Egia da askotan mugatu egiten zaituela gauzak egiterako garaian, soinuaren aldetik behintzat, baina gustuko dugu egiten duguna.

Zuek egiten dituzue ordea, hainbat efektu, trikiti, pandero nahiz ahotsarekin.

Bai, baditugu kantu batzuk pandero eta ahotsarekin soilik direnak. Peñaparda izeneko instrumentu bat ere badugu, eta ahotsarekin hori ere janzten dugu.

Soinua, panderoa eta ahotsa. Garai bateko tradiziotik zatozte?

Jotzeko garaian ez dugu tradizionaletik egiten. Esaterako, fandango bat jotzen dugunean, gure erara moldatu eta ekartzen dugu. Soinua eta panderoa direla jakitean, eman lezake zerbait tradizionala dela, baina nahiz eta hiru elementu horiek erabili, zerbait gaurkotua egiten saiatzen gara.

AMAK du izena zuen proiektuak. Zuen izenen lehen letrak batuta direla esan izan duzue, eta laurak zarete era berean ama. Zer zentzu du izen horrek zuentzat?

Amak gara, bai, baina ez gara hori bakarrik. Amak gara, musikariak gara, eta artistak ere bagara; guztia doa eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!