Alegian Eskola Publikoarekin «harro» daudela erakutsi dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mar. 4a, 18:03

‘Euskal Eskola Publikoaz harro!’ lelopean martxan jarri den kanpainarekin bat eginez, argazkia atera dute Alegiako Herri Eskolako ikasle, guraso eta irakasleek.

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataforma sortu da, eta kanpaina bat abiatu dute Euskal Eskola Publikoaz harro! lelopean. Alegiako Herri Eskolako komunitateak bat egin du deialdiarekin, eta argazkia atera dute eskolaren atarian. Bertan, eskolako ikasleak, gurasoak eta irakasleak elkartu dira. Kanpaina plataformatik sortu badute ere, bere egiteko eskatu diete irakasle, ikasle eta familia guztiei.  Jasotako atxikimenduekin mobilizazio erraldoi batean bilakatu nahi dute.

EAEko ikastetxe, eskola, Haurreskola eta laguntza zentro guztiekin jarri nahi dute harremanetan. «Hezkuntza publikoa, historian zehar irabazitako lorpenik handienetako bat da, eta bere garapena gizarte honetan bizi garenon berdintasun eta ongizate mailako adierazlerik onena», dela uste dute. «Hezkuntzarako eskubidea, beraz, Eskola Publikoan gauzatu da, denontzat eraikia, denona delako eta guztiontzat. Zerbitzu publiko doakoa eta unibertsala eskaintzen duen bakarra», diote. Eta tinko sinesten dute, «hezkuntza publikoaren balioa, hezkuntza inklusiboa, euskalduna, laikoa eta doakoa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua, berdintasunean eta kalitatean oinarritutakoa, ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte kohesioa bermatzen dituena» izan behar duela.

Zerbitzu publikoak, eta bereziki, Eskola Publikoa gobernuen jomugan daudela azpimarratzen dute plataformatik: «Azken urteotan, zerbitzu horien pribatizatze politika garbia eraman da aurrera, eta hezkuntza ez da atzean geratu. EAEn, orain arte izan diren Hezkuntza Sailek Eskola Publikoari murrizketak ezarri, eta irakaskuntza ekimen pribatu guztiei kontzertazioa eman diete».

«Irakaskuntza pribatuko patronalek askotan eskatu duten Hezkuntza Lege berri bat aurrera atera nahi du Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza publikoko komunitate osoaren oposizioarekin», argitu dute. Ikasleen Guraso Elkarte guztiak eta irakaskuntzako sindikatu guztiak aurka daudela diote.

Atxikimenduak biltzen jarraitu nahi dute: «Kezkatu egiten gaitu Eskola Publikoaren aldeko administrazioaren inplikazio ezak, horregatik uste dugu premiazkoa dela kalitatezko Euskal Eskola Publiko baten aldeko apustua egitea, izan ere, euskal hezkuntza sistemaren ardatz funtsezkoa eta lehentasunezkoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!