Pintatzearen plazera bistaratuz

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 4a, 19:58

Alegiako Erretirodunen tabernan koadro berriz osatutako erakusketa jarria dute paretetatik zintzilik; Flori Garcia billabonatarrak pinturako ikastaroan margotutakoak dira.

Pintatzeak badu zerbait. Harrapatu egiten du jendea, eta horietako askok koadro ugari margotzen dituzte. Kasu horietako bat da Flori Garcia billabonatarrarena.

Txikitatik duen zaletasuna pintura ikastaroan apuntatuz ase zuen, nahiz eta, nahi baino denbora gutxiago dedikatzen dion margotzeari. Urteak daramatza margoen eta pintzelen artean, eta koadro asko pilatu ditu etxean. Orain, Alegiako Erretirodunen tabernak eman dio aukera, herritik kanpo, lehen aldiz, bere lanak erakusteko. Otsailean jarri zituen aukeratutako koadro batzuk erakusketan, eta hilabete honetan ere Flori Garciaren lanek apainduko dituzte tabernako paretak.

Bisitarien zain egongo dira datozen asteetan tamaina, kolore eta estilo ezberdineko koadroak. Eta baten batek atentzioa deitu, eta gustatuz gero, erosteko aukera ere eskaintzen du billabonatarrak. Horretarako, tabernako arduradunekin hitz egitea nahiko litzateke, egilearekin harremanetan jartzeko. 

FLORI GARCIA. MARGOLARIA

Flori Garcia billabonatarra da, eta asko gustatzen zaio margotzea. Nahi baino gutxiago pintatzen duela adierazi digu, eta pintatzeko txoko bat izatea gustatuko litzaiokeela.

Noiz hasi zinen margotzen?

Umetatik gustatzen zait pintatzea, eta urte askoan ez dut aukerarik izan. Baina behin haurrak hazi direnean, niretzat denbora hartzea pentsatu nuen, eta pintatzen hastea.

Herriko pinturako ikastaroan apuntatu zinen?

Bai, urtero antolatzen ditu udalak ikastaroak, eta horietako batean eman nuen izena.

Eta zer moduzko esperientzia izan da?

Oso ona. Ikaragarri gustatzen zait, eta ez naiz batere aspertzen. Izugarri gustatzen zait pintatzea.

Ikastaroan izena eman aurretik bazenekien zerbait pintatzen?

Apuntatzerako banekien zer gustatzen zaidan eta zer ez. Estilo ez oso definitua gustatzen zait, pixka bat abstraktua. Denetarik gustatzen zait, baina batez ere, espresionista esango nuke. Hori da nire estiloa eta irakasleak erakusten digu nola margotu; era batera edo bestera pintatzeko aholkuak ematen dizkigu, eta baita nola egin ere. Zalantzak ditugunean galdetu egiten diogu, eta beti ditugu zalantzak.

Zein teknika erabiliz margotzen duzu?

Ni lehendabizi akrilikoarekin hasi nintzen, baina, azken urteetan, olioarekin pintatzen dut. Olioa oso ondo dago, eta asko gustatzen zait, baina baita akrilikoa ere. Dena gustatzen zait. Gauza batzuk pintatzeko bata hobea da, eta beste gauza batzuetarako bestea.

Zer margotzen duzu?

Argazkiak edo irudiak hartzen ditut, eta kopiatzen saiatzen naiz. Noski, berdina ez zait ateratzen. Zure estiloa ematen diozu koadroari eta zuri ateratzen zaizuna egiten duzu. Berdina ateratzea ezinezkoa da.

Eta zer ematen dizu pintatzeak?

Izugarri gustatzen zait, eta bi ordu niretzat dira. Zoragarria da. Bi orduak motz egiten zaizkit, eta gehiago pintatu nahiko nuke. Asteko egun gehiagotan margotu nahiko nuke.

Ikastaroan bakarrik margotzen duzu?

Bai. Lehen etxean margotzen nuen, baina lan asko ematen du. Ez dut toki bat margotzeko, eta sukaldean margotzen nuen. Kontuz ibili behar duzu ezer zikindu gabe ibiltzeko, gauza guztiak atera eta gorde,... eta etxean pintatzeari utzi nion. Ez du inongo gogorik izaten gauzak atera eta gordetzen ibiltzeko, ez da txoko bat horretarako edukitzea bezala.

Esaterako, koadro bat margotzeak zenbateko lana eskatzen dizu?

Irudiaren arabera, baina hilabete eta erdi edo bi hilabetean egina daukat. Txikia bada azkarrago egiten duzu, lan gutxiago du. Batzuei oso zehatz marraztea gustatzen zaie, baina ni ez naiz horietakoa.

Hamar urte badaramatzazu pintatzen koadro mordo bat izango dituzu honez gero?

Bai, bai. Erakusketan jarri ditudanez gain, oparituta ditut batzuk. Etxean badauzkat, eta ganbaran ere baditut gordeta beste batzuk.

Lehen aldia da erakusketa jartzen duzula?

Bai, modu honetara bai. Herrian ikastaroa amaitzen dugunean urtero jartzen dugu erakusketa, urtean zehar egin ditugun lanekin. Ia inor ez da joaten ikustera [barreak] familiako kideak, eta batzuetan horiek ere ez.

Eta nolatan iritsi zitzaizun proposamena?

Aurretik ikastaroan nirekin ari den lagun batek izan zituen Alegian jarrita. Ea beraren atzetik nik jarri nahi nituen galdetu zidan, eta animatu egin nintzen. Eta horrela izan da. Tabernakoari eman nizkion eta berak jarri ditu, eta uste dut oso ondo geratu direla.

Pintatzen jarraitzeko asmoa duzu?

Ahal dudan bitartean bai. Izugarri gustatzen zait, eta ikaragarri gustatuko litzaidake pintatzeko txoko bat izatea zikintzeko beldurrik gabe; bakarrik edota lagunen batekin konpartituz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!