Behin eskatzen hasita igerilekua ere eskatu dute Agate Deunaren bezperan

Ataria 2020ko otsailaren 4a

Alegiako eskolako ikasleak kalera irten dira kantuan, goizean. Udaletxe aurrera joan dira aurrena, eta ondoren eskolan bertan egin dute saioa. Bietan egin dituzte eskakizunak. 

Alegiako ikasleak udaletxearen aurrean kantuan ibili dira goizean. "Santa Agedan ohitura hala da eta gatoz eskatzera", abisatu dute. Lehenik Gaztelekua lehenbailehen martxan jartzea exijitu dute. Ondoren, farola gehiago jartzeko kaleetan. Azkenik, berriz, ondorengoa: "Alkateari ere egin nahi/genioke eskaera/igerileku on bat nahi degu/Tolosakoan antzera". 

Udaletxetik eskolara itzuli dira ondoren. Bertan, zuzendariaren belarriak berotu dituzte: "Zuzendaria entzun mesedez/ikasleon eskaria/jangelan jarri ikasleontzat/itxurazko janaria". Abiadura gutxitu beharrean, azkartu egin dute ondoren makilak eskuan zituztela: "Eskolaz kanpo izan dezagun/patxaran non ibilia/patio handiagoa behar genuke/ta ahal bada estalia". Amaitzeko, patiorako material berria behar dutela jakinarazi die zuzendariari. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!