Alegian 1936tik 1945erako historia berregiteaz bilera egingo dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urtarrilaren 23a

Joxe Gastesi alegiarraren biloba den Iñigo Gastesi aktoreak egingo du egitasmoaren aurkezpena, astelehenean, 19:00etan.

Alegia, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan 1936-1945 liburua iazko martxoan aurkeztu zuen Alegiako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Orain, horretan oinarrituta, garai berean kokatzen den historia birsortuko duen antzezlana egiteko asmoa dute.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Alegiako Udalak elkarlanean egindako proiektua izan zen liburuarena, eta «hari horri jarraituz, jatorri alegiarra duen Iñigo Gastesi aktoreak birsortze historiko bat ondu du», adierazi dute udaletik. «Joxe Gastesiren biloba da Iñigo, eta aitonari entzundako kontuetan eta aipatu liburuan oinarrituta berregin du nagusiki historia», gaineratu dute.

Egitasmoa alegiarren aurrean aurkezteko asmoa dute, eta hilaren 27an, astelehenean, aurkezpen ireki bat egingo da 19:00etan, kultur etxean. «Iñigo Gastesi bera etorriko da eta birsortzearen nondik norakoen berri emango die bertaratzen diren herritarrei», azaldu du Alegiako Udalak.

Hiru eszena nagusi izango ditu, hiru kokaleku zehatzetan, eta herritarren parte hartzea ere ezinbestekoa izango dela nabarmendu dute. Proiektuaren xehetasunak ezagutzeko aukera eskainiko du aurkezpenak, eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu die udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!