"Guretzat musika arma bat da, aldarrikapenak komunikatzeko"

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 19a, 19:58

Alegiako Gaztetxean kontzertua eskainiko du Onki Xin taldeak, bihar, 22:30etik aurrera, Dupla eta Xatiro taldeekin batera.

Alegiako Gaztetxeko 32. urteurreneko ekitaldiak azken txanpan sartu dira, eta bihar, kontzertuak izango dituzte. Onki Xin, Dupla eta Xatiro igoko dira gaztetxeko oholtza gainera, 22:30ean. Onki Xin taldeko kidea da Zigor Lampre Zigor DZ eta Fer Apoarekin batera sortu zuen proiektua.

Guztia prest kontzerturako?

Bai, dena prest. Jada entsegu guztiak eginda ditugu, eta kantu berriak sartuta.

Fer Apoarekin batera sortu duzun proiektua da, baina zuzenekoetan beste batzuen laguntza ere izaten duzue.

Onki Xin, Fer eta nik osatutako proiektua da, baina gero zuzenekoetan banda bat daramagu eta baterian Jon Ander Artola billabonatarra, eta Beñat Atorrasagasti lesakarra aritzen dira.

'After Egon' da zuen bigarren lana, egotearen ondorena.

Hori da. Egotearen ondorena da egiten ari garena. Guk musika egiten disfrutatzen dugu. Fer eta biok etxean geratzen gara, eta ideiak biltzen ditugu eta nahiko azkar egiten dugu lan. Atera dugu lan hori, baina dagoeneko kantu berri bat egin dugu. Etengabe gaude gauzak egiten.

Etengabe sortzea gustatzen zaizue?

Bai. Pila bat gainera.

Lehen lanean errefuxiatuak izan zenituzten hizpide. Zer jaso duzue bigarrenean?

Lau kantu daude, eta Dafne abestia da singlea. «Jada ezer ez dut nahi» esaten dugu errepikan, eta bizi garen etsipen honetan kokatzen da. Gauzak ez doaz hobera, eta bakoitzak abestia entzuterakoan bere interpretazioa egin dezake. Nahiaazken abestia, esaterako, Txile edota Kataluniako borrokez ari da, eta horiei eskainia da. Guretzat musika arma bat da. Guk egin nahi ditugun aldarrikapenak komunikatzeko, eta baita sentimenduak ere. Bi alde horiek jorratzen ditugu.

Gaur egungo gaiak bildu nahi izaten dituzue?

Gaur egungo gaiak betiko gaiak dira. Ematen du ez dugula aldatzen. Kantu zahar bat hartzen duzu, eta gaur egun ere gaurkotua dago.

Bihar Alegian ariko zarete, zapaldua duzu inoiz oholtza hori?

Bai, oso aspaldi. Selektah Kolektiboarekin, ez naiz gogoratzen ezta urtea ere. Hemezortzi urte edo izango dira, eta geroztik, egona naiz musika jartzen. Gaztetxe aktiboa da, ezagunak ditugu eta gogoz nago.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!