Eskolako ordutegi aldaketaren bozketan baietzak irabazi du

Ataria 2019ko abenduaren 18a

Alegiako Herri Eskolako bozketako bi egunetan 215 gurasok bozkatu du, eta horietatik 173k baietzaren aldeko botoa eman du.

Alegiako Herri Eskolak pasa den astean egin zuen bi egunetan ordutegi aldaketaren inguruko bozketa. Gurasoen %77ak parte hartu zuen, zehazki, 215 guraso joan ziren bozkatzera. Horietatik %80k baiezkoaren aldeko botoa eman zuen eta %20ak ezetzaren alde egin zuen. Honenbestez, eta ondo bidean, ikasturte berrian ordutegi berria izango dute.

«Legearen arabera, aurrematrikula kanpaina hasi baino lehenago, eskola guztiek hurrengo ikasturtean zein eskaintza egingo duten garbi adierazi behar dute, tartean noski, garrantzitsuenetako bat, eskolaren ordutegia izaten da», adierazi dute zuzendaritzatik.

Aurrematrikula kanpaina, EAEn urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran dela eta, «guk aurrera eraman dugun prozesu honen emaitza, Gipuzkoako Hezkuntzako ordezkaria den Gema Gonzalez de Txabarriri urtarrilaren hasierarako beranduenera bidali behar diogu». «Emaitza eta prozesu guztia ikusirik, aurrera eramateko behar diren baldintzak bete direla ikusi ondoren emango luke berak argi berdea», azaldu dute. Onespena jasoz gero, 2020/2021 ikasturtetik aurrera eskolan ordutegi berria izango lukete. Eskolako zuzendaritzak, eskola komunitate guztiari eskerrak eman dizkio: «Modu batera edo bestera prozesu honetan parte hartu duten guztiei, eta baita bozka ematera inguratu diren guztiei ere. Gure esker hitzik handienak, Iturri Zahar Guraso Elkarteari, beraien lan, ekarpen eta ahaleginik gabe, guztia aurrera eramatea ezinezkoa izango litzatekeelako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!