"Larunbat edo igande batean 15 ordu pasa ditzaket josten"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko abe. 17a, 11:33

Alegiatik Ikaztegietara joaten da hilean behin josteko oinarrizko ikastaroa ematera; duela sei urte minbiziak sartu zuen joskintzan, eta harrez gero, dena ematen diote orratzek.

Josteak asko ematen dio Arantxa Segurola alegiarrari. Afizioz bizi du joskintza, eta gaixoaldiak eraman zuen josten hastera. Orain, Ikaztegietan, oinarrizko joskintzako tailerrak ematen ari da.

Noiz hasi zinen josten ikasten?

Etxean beti aritu izan nintzen zerbait egiten, baina intentzio gehiagorekin edota gehiago saiatuta, orain dela sei urte izan zen.

Nolatan hasi zinen?

Pertsonalki egoera txar batean sartu nintzelako izan zen. Emakume asko bezala, bularretik operatu behar izan ninduten, eta nire burua asko nahasten hasi zen. Nire alaba dantzaria da, haren jantziak kopiatzen hasi nintzen, eta hor hasi zen guztia.

Eta harrezkero pixkana ikasten eta hobetzen joan zara.

Bai.Urte hartan jantzi batzuk egin nizkien alabari-eta. Jendeari asko gustatu zitzaizkion. Etxean asko animatu ninduten, eta josteko makina berria oparitu zidaten. Horrekin, Donostiara makina nola erabiltzen den ikastera joatera behartu ninduten. Bertan, patroigintzan hastera animatu ninduten. Eta dagoeneko hiru urte daramatzat patroiak egiten. Alegiako dantza taldeko jendeak ikaragarri lagundu dit, bertan hasi zitzaizkidan eta jantziak eskatzen. Ordura bitarte ez nuen pentsatu ere egingo horrelako zerbait egiteko gai izango nintzatekeenik ere.

Ez zara joskintzatik bizi, baina Sutarri dantza taldeko makina bat jantzi egin dituzu.

Bai, hasieran jantzi asko eta asko egin nituen dantza talderako, eta gero, jende askok eskatu dizkit. Garai honetan itota ibiltzen naiz.

Gustuko duzu jostea.

Oso. Ikaragarri betetzen nau. Artzain-andre jantziak egiten ditut, eta soinekoak, denak ezberdinak egiten ditut. Bi berdin ez daude. Koloreen nahasketak jendeari gustatzeak izugarrizko poza ematen dit.

Jantzi oso bat egiteak badu bere zailtasuna.

Bai, batik bat alkandorak. Lan handia dauka, baina gustura aritzen naiz.

Zenbat denbora eskatzen dizu jantzi bat goitik behera egiteak?

Ez ditut kontatu. Baina kontuan hartu behar da alkandora bat egiteko patroigintza egin beharra dagoela. Oinarri batetik abiatuta, ea zer nolako alkandora mota egin behar duzun diseinatu egin behar duzu; zein detaile egin behar dizkiozun, eta hortik hasita, ordu asko dira; ez ditut kontatu.

Oinarrizko joskintzatik pauso handi bat dago horra.

Bai, niretzat bai. Ez naiz inoiz josten ikasten aritu, ni makina erabiltzen ikasten hasi nintzen.

Poza emango du herriko dantza taldekoak zuk eginiko jantziekin ikusteak.

Bai. Izugarri betetzen nau. Lehen urtea ikaragarria izan zen.

Ez zara joskintzatik bizi.

Ez. Ni egunero joaten naiz 06:00etarako lanera, eta badaramatzat 25 urte.

Zenbat ordu pasa ditzakezu josten egun batean?

Asteburu bat libre badut, larunbat edo igande batean 15 ordu pasa ditzaket jarraian. Lasai ederrean gainera, eta askotan motzegi ere egiten zait. Eta urte sasoi honetan motzagoak izaten dira. Jendea ez da gogoratzen jantzia falta zaionik edo txikiegi geratu zaionik.

Oinarrizko joskintzako bi saio eman dituzu Ikaztegietan. Nolako esperientzia da?

Oso ona. Jendeak ikasteko jarrera eta gogoa du, eta ilusioz etortzen dira. Niri poza ematen dit horrek.

Pertsona guztiek jakin beharko lukete gutxieneko bat?

Bai. Nik pentsatzen dut guztiok izan beharko genukeela gure kabuz moldatzeko gai; baina, gauza guztietan. Josten bezala, sukaldean, bonbilla bat aldatzen edo entxufe bat konpontzen. Oinarri bat eskolatik ikasi beharko litzatekeela iruditzen zait.

Zer esango zenioke inoiz orratz bat hartu ez duenari?

Hartzeko. Eta harrapatu egiten du gainera. Gauzarik txikiena dela ere, zuk egiten baduzu, poz handia ematen du; eta segi egiten dute hasten diren gehienek.

Pazientzia eskatuko du?

Bai, baina era berean, erlaxatu egiten zara. Ni oso urduria naiz baina josten ari naizenean, oso lasai egoten naiz. Deskonektatu eta beste mundu batera joaten zara.

Sari bat ere eskuratua duzu Balentziaga museoan.

Akademiatik animatu ninduten lehiaketan parte hartzera. Diseinatzaile profesional batek, ikasle batek eta kaleko jostun batek parte hartu behar zuten. Diseinatzaile oso ona egokitu zitzaidan, herritarra dudan, Inge Zubeldia. Ez genuen elkar ezagutu, eta bukatzean jabetu ginen herri berekoak ginela. Bi ordutan festa edo galarako soineko bat egin behar izan genuen, patchwork-a erabiliz. Erraza izan zen Ingerekin lan egitea, begi ona du eta oso soineko polita egin genuen. Sekula ez nuen pentsatuko horrelako sari bat irabaziko nuenik, eta gutxiago Balentziaga batean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!