Alegiako kultura batzordeak laguntza behar du

Ataria 2019ko abenduaren 12a

Herritarren laguntza Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, errege magoen desfilea eta San Silvestre krosa aurrera eraman ahal izateko eskatu dute.

Alegiako Kultura batzordeak Gabonetako hainbat ekitaldiren antolakuntzarako herritarren laguntza behar du. Eskaintza zabala prestatu dute, baina hainbat ekitaldi behar bezala aurrera atera ahal izateko behar du laguntza hori.

Boluntarioen lana kultura batzordeko kideei laguntzeko izango da. Abenduaren 24ko Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera eta urtarrilaren 5eko errege magoen desfilean beharko dute laguntza. Gauzak horrela, laguntzeko borondatea duten herritar horiek kultur etxean eman dezakete izena, eta horretarako azken eguna, bihar, hilak 13 izango da.

10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 21:00etara eman daiteke izena kultur etxean. Bestela, kultura@alegia.eus helbide elektronikora ere idatzi daiteke edo 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu.

Abenduaren 31n egingo den San Silvestre krosari begira ere, egoera antzekoa dela azpimarratu dute kultura batzordetik. «Ibilbideko bidegurutzeetan jartzeko jendea behar da, lasterketa modu seguruan egin ahal izateko. Laguntzeko prest daudenek Jubilatuak, Iskiña, Hilario eta Errotatxo tabernetan edo kultur etxean eman dezakete izena», adierazi dute. Boluntario lana egin nahi dutenek hilaren 31 baino lehen egin beharko dute.

Batzordetik, eta aldez aurretik, «eskerrak» eman nahi dizkiete laguntzeko prest daudenei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!