Eskolako ordutegi aldaketa parte hartze bidez lortu nahi dute

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko abe. 11a, 08:39

Alegiako Herri Eskolak gaur eta bihar bozka ematera deitu ditu gurasoak; ordutegi aldaketa irakasleen, eta batez er e, ikasleen hobekuntzarako izango dela adierazi dute.

Alegiako Herri Eskolak duela 30 urte jarritako ereduarekin egiten du lan. Gizartea asko aldatu da, eta beharrak ere ezberdinak dituzte, eta ordutegi aldaketa gauzatzeko bozkatzeko egunak dituzte gaur eta bihar. Bi gurasoek izango dute bozka emateko eskubidea, eta 07:30etik 19:30era bozka kutxa gurasoen eskura egongo da eskolan. Proposatzen duten eta martxan jarri nahi duten ordutegi berria 09:00etatik 12:30era eta 14:30etik 16:00etarakoa izango da.

Hezkuntzak urtero ateratzen duen ebazpenak, irakasleek ikasleekin pasa beharreko irakas orduak bost direla zehazten du. Alegiako eskolaren kasuan, gaur egun duten ordutegia dela eta, bost ordu eta 35 minutu eskaintzen dizkiete ikasleei. «Egunean ikasleekin pasatzen ditugun 35 minutu gehiago horiek, irakasleen koordinaketarako eta formakuntzarako ondorioak dituzte», azaldu du Nekane Lopez eskolako zuzendariak. Hain justu, minutu horiek bileretara eskaini nahi dituzte.

«Zuzen-zuzenean irakasleriaren prestaketari eragiten die», azpimarratu du Regina Sorarrain eskolako idazkariak. «Guk astean gutxienez 25 ordu sartu behar ditugu umeekin, eta ia 28 sartzen ditugu». Lan ordu berdinak sartu behar dituztela diote, baina lan ordu horien berrikusketa eta antolaketa da eskatzen dutena. «Beste eskola publiko guztietan bezala, 25 ordu sartuko ditugu ikasleekin, eta beste ordu guztiak gure formakuntzarako erabiliko ditugu. Gure arteko harremanak eta komunikazioa hobetzeko».

Garbi dute, ordutegi aldaketak, batez ere, onura ikasleei emango diela: «Beste ezer baino lehen gure ikasleen onura daukagu kontuan. Gure ikasleei kalitatezko denbora eta espazioa eman nahi dizkiegu».

Gurasoen parte hartzea nahi eta behar dute, eta erabat eskertuta daude Iturri Zahar guraso elkarteak egin duen lanarekin, «beraiek gabe ezingo baitzen aurrera eraman». Ordutegi aldaketa eman ahal izateko nahitaezkoa dute ikas komunitatearen, hau da, gurasoen ahalik eta parte hartzerik handiena. «Parte hartzea bultzatu nahi dugu. Datozen urteetan zein eskola mota izatea nahi dugun erabakitzera goaz». 143 familia dira deituak, eta beraien iritzia ematea nahi dute, baietza edota ezetza izan.

JANGELA ARAZO «LARRITZAT»

Egunero 2 urtetik 16 urtera bitarteko 210 ikaslek bazkaltzen dute Alegiako eskolan. Herri eskolako ikasleez gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek ere jaten dute. Gai «odoltsua» bilakatu zaie, eta «asko zaindu beharreko espaziotzat» dute: «Leku gehiago ez dauka jangelak, eta dagoeneko familiei ezezkoa esaten hasi gara».

Irtenbidea badu honek langileentzat, eta hori ordutegi aldaketak ekarriko luke: «Eguerdian bi orduko tartea egitea, eta bi txanda izatea bazkaltzeko. Bi txandek baliatuko dute inor ez gelditzea jangelako plazarik gabe». Gaur egun, 70 bat ikasle dituzte etxera joaten direnak bazkaltzera.

Horrez gain, jantokia elkarbizitzarako toki garrantzitsutzat dute, eta bitan banatuta, elkarbizitza asko hobetuko litzatekeelakoan daude. Hezkuntzak Bizikasi programa bultzatu du, eskolan gertatzen diren jazarpen egoerak azalerazi eta konpontze bidean jartzeko. «Honelakoak badakigu, askotan, ikasleak gelaz kanpo dauden espazio eta denboretan ematen direla, eta horietako bat da jangela», kontatu du Sorarrainek.

Gaur egun bi ordutegi ezberdinekin funtzionatzen dutela argitu du Lopezek: «Haur Hezkuntzako ikasleak 09:00etan sartu eta 12:30ean ateratzen dira, baina Lehen Hezkuntzakoak 12:50ean ateratzen dira. Arratsaldean ordutegi bera dugu, 14:15ean sartu eta 16:00etan ateratzen dira». Arazoak sortzen direla dio: «Irakasleen artean ordutegi ezberdinak ditugu, eta HHko eta LHkoek irakasle berdinak partekatzen ditugu, eta zaila suertatzen da irakasle horiek kokatzeko orduak aurkitzea». Gainera, «goizeko ordutegia ezberdina izateak, eta gurasoak edota aitona-amonak haurren bila etortzean, HHn eta LHn badituzte haurrak, 20 minutuz zain egon behar izaten dute».

Azken batean, laburbilduz, ordutegi aldaketak onura hauek ekarriko lituzke: Jantokian bi txanda egitea ahalbidetuko du; irakasleentzat bilerak egiteko tarte gehiago izatea; ordutegi bera izatea bai ikasle eta irakasleek; eta espezialistak sartzeko eta koordinatzeko erraztasun gehiago izatea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!