Badalonan abestuko du Txintxarri abesbatzak, etzi

Ataria 2019ko abenduaren 4a

Alegiako Txintxarri Abesbatzak hiru eguneko bidaia egingo du Kataluniara abenduko zubian. Zehazki, Badalonan emanaldi bat eskainiko du ostiralean, hilak 6, bertako Aita Karmeldarren elizan, 20:00etan.

Badalonako Betulia abesbatzak gonbidatuta abestuko dute alegiarrek.

Badalonako Betulia abesbatzarekin duen hartu-emanetik sortu da emanaldia eskaintzeko aukera. Iazko urrian, Txintxarri Egunean abestu zuten kataluniarrek Alegian, eta orain, Alegiako abeslarien txanda iritsi da.

Badalonako Betulia abesbatzak antolatu du ostiraleko emanaldia. TV3 telebistako La Marato elkartasun proiektuaren laguntza izango du emanaldiak; gaur gaurkoz sendabiderik ez duten gaixotasunen ikerketarako proiektua da La Marato.

Bi zati izango ditu emanaldiak: lehendabiziko zatian Txintxarrikoek abestuko dute, eta bigarrenean, berriz, Badalonako abeslariek. Eguberriak izango dira laster, eta horregatik, Eguberri soinua izango du emanaldiak. Kataluniako nahiz euskal kantutegiko doinuak izango dira nagusi. Amaieran, Al meu avi habanera ezaguna abestuko dute elkarrekin. Ondoren, batera afalduko dute bi abesbatzek. Bartzelona ezagutzeko baliatuko dituzte gainerako egunak Txintxarri abesbatzakoek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!