Saskiratzeak Alegian

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 29a, 19:58

Elorri-Aldapa saskibaloi kluba abian jarri dute Alegian; oraingoz mutilen senior taldea osatzeko aukera izan dute.

Saskibaloia gustuko duten gazte batzuk elkartu ziren Alegian, eta Patxi Rojorena jo zuten. Egun entrenatzaile denak Joseba Karrerarena jo zuen eta gazteekin batera Elorri-Aldapa kluba martxan jartzen hasi ziren.

Udaleko Kirol zinegotziarekin eta teknikariarekin jarri ziren harremanetan, proiektua aurrera eramatea posible ote zen ikusteko. Klubeko lehendakaria eta talde nagusiko bigarren entrenatzailea da Joseba Karrera: «Elorri frontoia daukagu, hainbat kiroletarako erabiltzen dena. Hitz egin genuen saskibaloiko federazioarekin, ea neurrien eta segurtasunaren aldetik frontoia erabiltzerik ote genuen jakiteko. Baiezkoa eman ziguten eta aurrera egin genuen». Alegiako Udalaren zein herriko denda eta enpresen laguntza jaso dute kluba abian jartzeko.

Hamabi jokalarirekin sortu dute gizonezkoen talde seniorra, alegiarrak denak, eta Gipuzkoako hirugarren mailan lehen denboraldia hasi dute. Bost jardunaldiren ondoren, bosgarren postuan daude; partida bat irabazi eta lau galdu dituzte. «Orain arteko balantzea oso ona da», esan du Karrerak. «Etxeko partidetara jende asko erakarri dugu frontoira, eta galdu ditugun partidak puntuazio baxuarekin izan dira. Gerra ematen ari gara, eta bestalde ikusten da partida gehiago jokatzea falta zaigula, eskarmentu gehiago izateko».

Emakumezkoen talde seniorra atera nahi izan dute, baina ez dute lortu beharrezko jokalari kopurua taldea osatzeko. «Taldea osatu ez bada ere, elkartutakoak astelehenetan entrenatzen dute. Lau hasi ziren eta egun zazpi daude dagoeneko. Helburua da datorren denboraldirako taldea ateratzea; gutxienez hamar jokalari behar dira», esan du Karrerak.

Bestalde, kadete eta jubenil mailako gazteei deialdia egin diete, astelehenetan Elorri frontoira azaltzeko, 18:00etan. Karrerak azaldu duenez, «asmoa da maila horretako taldeak sortzea, bai nesketan zein mutiletan, klubaren etorkizunari begira garrantzitsua iruditzen zaigulako». 

TALDE NAGUSIKO KIDEAK

Eñaut Zabala.Pibota.

Mikel Irazusta.Hegalekoa.

Erik Lekuona.Hegalekoa.

Asier Rojo.Joko antolatzailea.

Joseba Lasa.Hegal pibota.

Jon Azpeitia.Joko antolatzailea.

Lander Karrera.Hegalekoa.

Jon Irazusta.Hegalekoa.

Igor Agirre.Pibota.

Iñaki Karrera.Hegalekoa.

Xumai Aizpuru.Hegalekoa.

Aitor Agirre.Joko antolatzailea.

Patxi Rojo.Entrenatzailea.

Joseba Karrera.Bigarren entrenatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!