Garaian garaiko bizikletak, baina guztiaren gainetik, E-bike bizikletak eta bezeroentzako mantenu tailerra. Oraingoz, 700 metro karratu ditu Oiartzun E-bike dendak, baina Alegiako Bazurka industrialdean handitzen joateko asmoa dute. Route 33ren parean dago Oiartzun Bike etxearen bizikleta denda berria. E-bike izena jarri diote, hain justu, bizikleta elektrikoetan espezializatuko direlako.
"Gaur egun, ikusten dituzun bizikleta mota guztiek dute bere anai edo arreba elektrikoa: errepiderako, mendirako, paseorako... eta guztiak daude Alegiako Oiartzun E-biken". Hibridoak, Gravel, Enduro... zerrenda amaigabea da. Katalogo zabal honek, Oiartzun E-biken eskaintzaren %90 osatzen du. Hala eta guztiz ere, Oiartzun Bike etxearen parte denez, garaian garaiko eskaintza osagarriak dituzte Alegian. "Gabonetan, adibidez, haurrentzako bizikleta ugari jarri ditugu. Errepiderakoak ere badaude, eta baita bizikletarako osagarriak ere. Goiko solairuan, berriz, fitness-erako makinaria espezializatua dago. Erakusketa hau iraunkorra izango da, eta ergometroek, pisu makinek, korrikarako zintek, bizikleta estatikoek eta abarrek osatuko dute eskaintza zabala".
Mantenu zerbitzua, eta bere garrantzia
Salmentari garrantzia ematen dioten arren, mantenu zerbitzua azpimarratu nahi dute Alegiako Oiartzun E-biken. "Berdin dio Oiartzungo dendan erosia den bizikleta edo Alegian; edo karreterakoa den edo elektrikoa. Alegian, bertako bezeroei ematen diegun zerbitzua ematen diegu guztiei. Hori bai, esan bezala, bizikletak etxe honetan erosia izan behar du. Guretzat oso garrantzitsua da mantenua, eta zentzu batean, horretarako zabaldu dugu Alegian Oiartzun E-bike, Oiartzunera joan beharrik gabe, eskualdean tailer zerbitzua izateko gure bezeroek".
Bizikleta elektrikoez gain, beraz, Oiartzun Bike-eko bestelako bizikletak ere konpontzen dituzte, jakitun baitira errepideko bizikleta asko Oiartzungo dendan erosiak direla. Izan ere, "Oiartzungo dendan dagoen eskaintza izugarria izateaz gain, norbanakoarentzat egokitua da. Bizikleta saldu aurretik bezeroaren biomekanika aztertzen da, hau da, bizikleta gaineko postura; edo nola zapaltzen duen ikertzen da, bizikleta ezaugarri horietara egokitzeko". Behin bizikleta erosi ondoren etortzen dira mantenu lanak, eta zerbitzu hori "etxetik gertu izateko", tailerra Alegiara ekarri dute eskualdeko eta inguruko bezeroen erosotasunerako.
Bizikleta elektrikoetan espezializatuak izanik, Alegiako Oiartzun E-bike-n ongi ezagutzen dute mantenuaren garrantzia modu horretako bizikletetan. "Motor elektrikoak potentzia izugarria sortzen du, eta horrek transmisioan bere eragina dauka. Noizean behin tailerrera ekartzea gomendagarria da, ondoren alferrikako gastu bat ekiditeko. Adibidez, kate aldaketa garaiz egiten baldin bada, 17-18 euroan egin daiteke. Arazoa gerorako uzten baldin bada, kaltea izugarri handitu daiteke, eta gastua 300 eurora igo. Egindako kilometroen araberako mantenua, azkenean, ekonomikoagoa ateratzen da".
Bizikleta elektrikoen gorakada
E-bike bizikletak Europako herrialde nagusienetako merkatuetan indartsu sartu dira. Ohitura aldaketa bat ekarri dute; lanera joateko autoa erabili beharrean bizikletaz joatekoarena, adibidez.
Kirol ikuspegitik ere ez da nolanahiko iraultza: "Mendira bizikletaz joatea ez zegoen lehen edonoren esku. Batzuei burutik pasa ere ez zitzaien egiten horrek zekarren esfortzuagatik. Orain hori ez da horrela. Edonork egin dezake mendi buelta bat bizikleta elektrikoarekin. Asko zabaltzen ari den ohitura da".
Bizikleta elektrikoak norberaren erritmora joan daitezke, pultsazioetara egokituz, adibidez. Horrek elite mailako ateak zabaldu dizkio E-bike modalitateari. "Zure pultsazioak mantentzeko aukera ematen dizu bizikleta elektrikoak. Horrek entrenamendu eraginkorragoak egitea dakar; etekin handiagoa ateratzen diezulako entrenamendu horiei. Kantitatea baina kalitatea lortzen duzu horrela, lesioak ekidinez".
Bizikleta elektrikoek ez dute motorra martxan jartzen duen palanka bat. Software baten bidez funtzionatzen dute, eta hori, norbanakoei egokitua joan daiteke, azken berrikuntzekin. Horregatik, Oiartzun E-biken salmentari garrantzia ematen diote, bezeroa azken berrikuntza guztiekin joan dadin, baina salmenta ondorengo jarraipena garrantzitsuagoa dela azpimarratzen dute, erosi den bizikleta horrek ahalik eta gehien iraun dezan.