Garagardo feria egingo dute bihar gaztetxean

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 21a, 19:58

 Alegiako Gaztetxeak laster 32. urteurreneko ekitaldiak aurkeztuko ditu, baina aldez aurretik bi ekitaldi iragarri dituzte.

Alegiako Gaztetxeak 32. urteurrena ospatuko du aurten, eta bertako kideak horretarako egitaraua prestatzen ari badira ere, girotzen joateko bi ekitaldi iragarri dituzte. Lehena, bihar bertan izango da. 19:30etik aurrera garagardo feria egingo dute. 

Euskal Herriko artisau garagardoak izango dira, eta adierazi dute Bibalabeer-en familia hazten doala. Txurie eta Czech Lager estiloko garagardo berriak dastatzeko moduan izango dira, besteak beste. Behin ateak irekita, garagardoak dastatzeko aukera izango da. 21:00etan, zahagiardoa egingo dute, eta afaltzeko mahaiak jarrita izango dituzte gaztetxean. Gaztaina erreak jarriko ditu gaztetxeak, bertaratzen direnen eskura. Eta 23:00etan Dj saioari hasiera emango diote. Musikaren laguntzaz festa  giroa jartzeko ardura Verbrothers-ek izango dute.

Babarrun jatea

Hilabetea bukatzeko, hilaren 30ean, babarrun jatea egingo dute. Jada salgai jarrita daude  babarrun jaterako eta osteko kontzerturako bonuak.  Dagoeneko urteroko ohitura bilakatu da babarrun jatearena, eta egun guztiko festa izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Txartelak salgai jarri dituzte Iskiña eta Hilario Berri tabernetan. 15 euro ordaindu beharko da txartela, eta bazkaria 14:00etan izango da. Eta alegiarrek adi egon beharko dute, datozen egunetan zabalduko baitute urteurrenari begirako egitarau guztia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!