"Emakumearen jabekuntzarekin lotuta dago, eta badu indarra"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 20a, 11:59

Alegian 'Itsaspetik azalera, azaletik plazara' antzezlana ikusteko aukera izango da, etzi, 22:00etan, Elizpe zineman.

Itsaspetik azalera, azaletik plazara antzezlana izango da, ostiralean, 22:00etan, Alegiako Elizpe zineman. Aktore lanak Lizartzan bizi den Itziar Saenz de Ojerrek eta Tolosan bizi den Nagore Leonek egingo dituzte. Alegiatik jasotako eskaintza «pozik» hartu dute, eta berriz heldu nahi diote antzezlanari.

Hasteko, zer da zuentzat antzerkia?

Nagore Leon. Niretzako filosofia bat da. Ez da bakarrik bertan antzeztea, baizik eta, bizitzako parte pila bat hartzen ditu. Ondo pasa, memorizatu, antzerkia gozatu, baina erronkak ere izaten dira. Jendearen aurrean jarri, proiektu berriak osatu, jende ezberdinarekin lana egin... gauza asko gertatzen dira antzerkian.

Itziar Saenz de Ojer. Niretzat ikaskuntza bat da. Zeure buruaz eta besteez ikasten duzu, baita bizitzaz ere. Adierazteko modu bat da. Nire alderik jostarienarekin aurkitzeko lekua da. Deskonektatzeko espazioa ere bada. Gauza asko da.

N. L.Taularatzen zaren momentuan gauza guztiak ahazten dituzu, eta orainean zaude.

Noiz hasi zineten antzerkia egiten?

N. L.26 urterekin hasi nintzen. Jendeak nola disfrutatzen zuen ikusteak beti pizten zidan zerbait. Markinarra naiz, eta Ander Lipusek eta Iñigo Ibarrak ikastaro bat antolatu zuten, eta apuntatu egin nintzen. Zur eta lur geratu nintzen, oso ondo pasa nuen, baina momentu batzuetan baita oso gaizki ere. Testu bat hartu eta jendaurrean testuak esateak blokeoak eta lotsak sortu zizkidan. Gerora disfrutatu egiten dut eta erronka moduan hartzen dut.

I. S. O.23-24 urterekin, aisialdi talde batean nengoen lanean eta ipuinak kontatzen hasi nintzen aurrena, hori behar zutelako. Beti gustatu izan zaizkit saltsa hauek, baina ordura arte ez nuen pausurik eman. Ipuinak kontatzea ez da antzerkia egitea, baina badu lotura bat. Gero klownean hasi nintzen, eta gauza batek bestea ekarri zuen. Antzerkia, serio, testu batekin duela gutxi hasi naiz.

Bata donostiarra eta Lizartzan bizi, eta bestea markinarra eta Tolosan bizi. Noiz elkartzen dira zuen bizitzak?

I. S. O.Antzerkiarekin zerikusirik ez duen arrazoi bategatik elkartu ziren grue bizitzak. Amatasunak batu gintuen. Biok dugu alaba adin bertsukoa, Tolosako Altzoan elkarteko bazkideak gara, eta hor ezagutu genuen elkar.

N. L.Bai, eta hor hasi ginen umeentzako gauza ezberdinak antolatzen. Itziarrek eta biok ipuinak kontatzen genituenez, gure antzerkiko abentura ezberdinak kontatzen hasi ginen, eta har pixka bat sartu zitzaigun bioi elkarrekin zerbait egiteko.

I. S. O.Elkarrekin Intujaik Amarotzen antolatutako klown ikastaroan aritu ginen, eta gero Ahoz Aho jaialdian egiten den ipuin lehiaketan parte hartu genuen, elkarren aurka. Horren ondorioz, May Gorostiagak esan zigun hurrengo urterako ea elkarrekin saio bat egingo genukeen, eta horrela hasi ginen.

'Itsaspetik azalera, azaletik plazara' lana izango litzateke lehena?

I. S. O.Elkarrekin egin dugun lan bakarra momentuz hau da.

N. L.Ideia gehiago izan baditugu.

Alegian izango zarete ostiralean. Noiz sortu zenuten lan hau?

N. L.2017ko martxoan estreinatu genuen, baina sorkuntza askoz ere lehenago izan zuen.

I. S. O.Nagore Mujeres que corren con los lobosliburua irakurtzen ari zen, eta ni Urak dakarrena. Emakumeen istorioak dira itsasoarekin lotura dutenak. 'Eta zergatik ez dugu egiten emakumea eta itsasoa lotzen dituen istorioekin zerbait?' Biok kostakoak gara, eta nola barrenean bizi garen ba...

N. L.Faltan botatzen dugu itsasoa.

I. S. O.Umeekin astean behin edo elkartzen ginen bazkaltzeko, ama gehiagorekin batera. Eta hor hasi ginen osatzen. Hari batek elkartzen ditu, baina lau istorio ezberdin dira. Bi Nagorek kontatzen ditu, eta beste biak nik kontatzen ditut.

Zein momentutan zaudete orain antzezlanarekin?

N. L.Orain gehiago mugitu nahiko genuke. 2017an egin genuen, baina gero eten bat egon da. Biok proiektu ezberdinetan sartuta ibili garelako. Orain konturatu gara, berriz, gogoa dugula antzezlan hau taularatzeko. Oso goxoa da, eta oso polita da. Publikoaren erantzuna beti oso ona izan da.

I. S. O.Oso lan xumea da. Gu biak bakarrik gaude taula gainean, eta atrezzo aldetik ere oso sinplea da. Ipuin kontaketa eta antzerkiaren arteko zerbait da. Lau istorio kontatzen ditugu beraien artean independenteak direnak. Ematen diogu goxotasuna, eta egin dugunetan jendeak hori transmititu digu. Ez da oso leku handietan egiteko antzezlan bat. Edozein tokira egokitzen da, baina bai behar duela leku goxo bat. Eta Alegiatik egiteko deitu zigutenean, poz handia hartu genuen, eta berriz heltzeko aitzakia polita izan da.

Alegiara doanak zer ikusi edo sentituko du?

N. L.Itsasoari lotutako bi emakume euskaldun ikusiko ditu. Itsasoaren gogortasunak bere bizitzetan bide bat hartzera bultzatu dituenak dira, eta istorio ezberdinetan murgilduko dugu publikoa. Ipuinak ez dira edozein ipuin, hausnartzeko ipuinak dira; emakumearen jabekuntzarekin lotuta dago, eta badu indarra. Zer pentsatua ematen dute.

I. S. O.Euskalki ezberdinean, eta hitz egiteko eta adierazteko oso modu ezberdina daukagu.

Zergatik joan behar da ikustera?

I. S. O.Merezi duen antzezlan bat dela esango nuke. Goxoa da, eta momentu polit eta atsegin bat pasatzeko aukera eskaintzen du. Eta Nagorek esan duen moduan hausnarketarako beta ere ematen du.

N. L.Gizarte honetan beti azkar gabiltza, eta hain mundu globalizatu honetan, nik uste dut, antzerkiak, goxotasunaz gain patxada ematen duela. Bertan egonda, beste toki batzuetara eramaten zaitu antzerkiak, ikusiz eta imajinazio asko erabiliz. Hori da polita, imajinazio hori lantzea.

Herri txiki askoren arazoetako bat areto txikiak dituztela da. Zuena herri txikietara egokia izan daiteke?

I. S. O.Bai, bai. Eta oholtzarik gabe ere egiteko modukoa da. Edozein tokitan egiteko modukoa da; liburutegi batean egina dugu. Esaterako, agian, tabernetarako ez da aproposa. Eta duen beste alde ona da, antzerki xume bat dela da, ekonomikoki ere ez da antzerki handi batek duen aurrekontukoa. Hau da, ez da herri txiki batek ordaindu ezin duen antzezlan bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!