«Konpainia handiago batean aritzea gustatuko litzaidake»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 25a, 19:59
Julen Rodriguez. ENERITZ MAIZ

Madrilen bost urtez dantza klasikoko ikasketak egin ditu, garaikidearekin batera, Julen Rodriguez dantzari alegiarrak; orain, bueltan da, eta Errenteriako Dantzaz konpainian dabil. Bihar, Lasarten dantzatuko du.

Julen Rodriguez gazte alegiarrak bost urte eman ditu dantza klasikoa ikasten Madrilen. Eta dantza garaikidea ikasteko ere baliatu du. Ikasketak amaituta, Alegiara itzuli da eta Errenteriako Dantzaz konpainiarekin dabil batetik bestera, dantzan.

Nor da Julen?

Alegian jaio nintzen eta gaur egun dantzaria naiz Errenteriako Dantzaz izeneko konpainia batean. Madrilen egin ditut ikasketak, eta aurten behintzat, herrira bueltatzea tokatu zait. Gustura nago. Pixkanaka-pixkanaka dantza munduan etorkizuna bilatu nahian nabil.

Urte batzuk atzera egin, eta noiz hasi zinen dantzan lehen pausu horiek ematen.

Oso gazte hasi nintzen. Tolosako Udaberri dantza taldetik etortzen ziren herrira dantza erakustera, eta ni bost urterekin apuntatu nintzen herriko beste neska eta mutil batzuekin batera. Taldetxo bat egin genuen. Pixkanaka mutil guztiak taldetik joaten hasi ziren, eta gutxi gelditu ginen. Sei bat neska, eta ni nintzen mutil bakarra.

Dantza talde horrek, gerora, Sutarri dantza taldearen izena hartuko zuen. Gogoan duzu zenbat urtez aritu zinen bertan dantzan?

Nik uste dut bost edo sei urte pasa nituela. Aurrerago, Udaberriko irakasleak beharrean, Villabonako Oinkarikoak etortzen hasi ziren. Urte batean, irakasle batek esan zidan, Alegian mutil bakarra nintzenez, Villabonan mutil talde bat ari zela osatzen eta ea joan nahi nuen. Nik baietz esan nion.

Orain moduan, gustuko zenuen dantza?

Hori da. Beti izan dut gustuko dantzatzea.

Nola gogoratzen dituzu Sutarri dantza taldeko urte haiek?

Oso ondo, egia esan. Dantzari txiki asko egiten genituen inguruko beste herrietara joanda. Beste herrietako dantzariak ezagutzen genituen. Eta herriko lagunekin oso harreman estua izan dut beti, eta orain ere bai. Gaur egun mantentzen ditut lagun horiek, eta asko gogoratzen gara garai haietaz.

Herriz herri mugitzen zineten?

Bai, ez asko, baina mugitzen ginen inguruko herrietara.

Garrantzitsuena herriko festetan dantza egitea izaten zen?

Bai. Herriko festetan eta sanjoanetan ere bai. Dantzari Txiki eguna ere antolatzen genuen, eta hori ere garrantzitsua izaten zen. Gu izaten ginen herrikoak, eta herrian ere dantza ondo egiten zela erakutsi behar izaten genuen.

Astean zenbat aldiz elkartzen zineten orduan?

Astean behin izaten genuen dantzako entsegua.

Umetatik garbi zenuen dantzari izan nahi zenuela?

Dantza gustatu, beti gustatu izan zait, baina ez nuen dantzari izan nahi.

Ez?

Ez. Bueno, ez nekien. Gero, aurrerago konturatu nintzen. 16 urterekin, Tolosan, bigarren batxilergoan nengoela klasikoa egiten hasi nintzen. Eta irakasle batek esan zidan, dantzan maila altuagoan jarraitu nahi banuen kanpora joan beharko nuela. Nik Madril topatu nuen, baina 16 urteak bete nituen arte ez nintzen jabetu benetan hori egin nahi nuela.

Aipatu duzu mutil bakarra geratu zinela taldean. Sufritzea tokatu zaizu dantzan aritzeagatik?

Sufritu, sufritu ez, eta ez du zertan, baino bai konturatzen nintzen desberdina nintzela. Herrian, besteek, futbola, pilota,... beste kirol batzuk egiten zituzten, eta nik, berriz, dantza. Alde horretatik, beti, ezberdina nintzen. Txikitan bai izan nituen estualdi batzuk lagunekin dantza egiten nuelako. Gerora, gaizki egon nintzen lagun horiekin ere oso ondo eman naiz, eta ez dut inongo arazorik eduki.

Noizbait pasa zitzaizun burutik dantza uztea?

Momentuan ez dakit, baina ez zait iruditzen burutik hori pasa zitzaidanik.

Oraindik ere normalizaziora iristeko asko dago egiteko, ezta?

Bai, bai. Egin dugu tarte bat, baina oraindik ere asko gelditzen da. Orain herriko ama asko etortzen zaizkit esanez 'nire semeari dantza asko gustatzen zaio, baina lagunek esaten diete dantza ez dela mutilentzat'. Animatzen dituztela jarraitzeko, baina, gaur egun, oraindik, presio sozial horregatik askok atzera egiten dute.

Zu, orokorrean, ondo tratatua sentitu zara?

Bai. Izan nituen urte batzuk zail samarrak, eta pixka bat baztertua sentitu nintzenak. Baina, gero ondo.

Taldeak ondo babesten zintuen?

Bai, bai. Taldeak oso ondo. Herri txiki bat ginen eta oso gutxi ginen.

Agian, horregatik da zailagoa.

Bai, horregatik da zailagoa, bakarra nintzelako. Baina, aldi berean, errazagoa da; gutxi ginen, eta beti, konpontzen bukatzen genuen.

Bat gehiago zinen?

Bai, bat gehiago nintzen eta gaur egun ere horrela sentitzen naiz erabat.

Eta, gaur egun, nola bizitzen edo ikusten duzu mutil dantzarien egoera? Zerbait aldatu da?

Bai, nik uste dut zerbait aldatu dela, eta mutil gehiago ibiltzen dela dantzan. Alegian bertan mutil dantzari gehiago atera dira. Oraindik ere ez da futbolean aritzea bezala, baina nik uste dut aurrerapauso bat egin dela.

Zein gomendio emango zenioke hor dantzan dabilen mutil txiki horri?

Nik uste dut ausarta izan behar dela, eta benetan gustatzen bazaizu, horri eutsi egin behar diozula. Azkenean, horrek egingo du jendeak normaltzat hartzea. Zenbat eta gehiago izan, eredua gara hurrengoentzat, atzetik datorren mutil horrentzat, eta horrela lortuko dugu zerbait arruntagoa izatea.

Alegiako Sutarri taldetik Villabonako Oinkarira egin zenuen salto.

Hamaika urte edo izango nituen. Mutil talde bat ari zen osatzen, eta mutil asko ginen. Hamabi bat. Villabonan asko ikasi nuen eta asko hobetu nuen. Villabona oso ondo gogoratzen dut. Mutil asko ginen, lagun berriak egin nituen bertan, bidaia asko egiten genituen eta aukera asko eskaini zizkidan Villabonak. Eta Villabonara joan ez banintz, ez nintzatekeen Tolosan dantza klasikoa egiten hasiko.

Suelto txapelketetan ibiltzen nintzen, eta klasikoa egiten hasi nintzen, txapelketa horietan, teknika garbitzeko eta hobetzeko. Eta azkenean gustatu egin zitzaidan klasikoa, bestela, nik uste, ez nintzela hasiko. Hamasei urterekin eman nuen aldaketa.

Eta klasikoan zer?

Asko ikasi nuen, eta Errenterian bost eguneko ikastaro txiki bat egin nuen. Madrileko irakasle bat etorri zen, eta hark esan zidan nahi banuen jarraitzeko; baneukala lana egiteko materiala nolabait. Gaitasuna nuela ikusi zuen nonbait, eta Madrilera joateko animatu ninduen, eta hor hasi nintzen bila.

Batxilerreko ikasketak bukatu ostean egiten duzu Madrilerako jauzia?

Bai, hori batxilergoa egiten ari nintzela izan zen. Selektibitatea egin nuen, eta gero, irailean, Madrilera joan nintzen froga egitera. Probatzera joango naiz esan nion neure buruari, eta ez nuen espero eskola batean sartzea, baina lortu egin nuen.

Zer nolako froga pasa behar izan zenuen Madrileko eskolan sartzeko?

Hasteko klasikoko froga bat egin zidaten. Nik gauza asko ez nekizkien egiten, urtebete baino ez nuen eman Tolosan, bi orduz, klasikoa egiten, eta Madrilen jendeak jada asko zekien. Froga hori nahiko zaila izan zen. Gero, musika froga bat egin zidaten. Eta gainditzea lortu nuen.

Zein ikaskide izan dituzu?

Klasikoa egiten hasteko ni dagoeneko nahiko heldua nintzen. 17 urte nituen joan nintzenean, eta orduan, nire ikaskideek 13-14 edo 15 urte zituzten. Hasieran gaztetxoekin aritu nintzen, baina helduagoak egin ginenean oso ondo. Orain, oso lagunak gara. Bakoitza munduaren punta batean dago, baina jarraitzen dugu harremana izaten.

Zenbat urte pasa dituzu Madrilen?

Bost urte.

Eta erraza izan da?

Bueno, beti izaten dira momentu zailagoak, baina gustatzen bazaizu ez da lan handia horretara jartzea. Joaten zara, eta egin egiten duzu.

Ideia bat egiteko. Zenbat ordu dantzan?

Klasikoko ikasketak egin ditut, baina aldi berean, arratsaldetan, garaikidea egiten nuen. 09:00etatik 14:30era, eta arratsaldetan beste 3-4 ordu egiten nituen. Zortzi ordu bai gutxienez, eta gehiago ere bai.

Behatzek eta oinek nola bukatzen dute hainbeste ordu dantza egin eta gero?

Okerrena hasieran izaten da. Agian udan bi hilabetez edo geldirik egon, eta gero hasten zarenean. Babak ateratzen dira, edo azazkalak erortzen dira, puskatu, odola...

Horrek mina emango du.

Bueno, ez pentsa. Ematen du, baina gero behin dantzan hasten zarenean ez zara konturatzen mina ematen duen edo ez.

Nolako esperientzia izan da 17 urterekin Alegiatik Madrilerako bidea egitearena?

Oso-oso ona. Aurreneko urtean erresidentzia batean egon nintzen, eta oso lagun onak egin nituen. Nire ikaskideak oso txikiak ziren, baina erresidentzian zeudenak nire adinekoak ziren. Dena ez da dantza, eta parrandak, eta batez ere, Alegiatik Madrilera mundua ireki zitzaidan. Hiri handi bat, metroa, aukera mordo bat kulturalki,... eta oso gustura. Eta gainera, han nire interes bereko jendea topatu nuen. Eta hango lagunak oso onak direla esango nuke.

Madrilera joango zinela esatean, zer esan zizuten etxekoek eta lagunek?

Etxean kostatu zitzaien. Hasieran ez zuten sinesten, nik inoiz ez nuen esan dantza egin nahi nuenik ere. Eta bat-batean, egun batetik bestera, hori esan nien eta denbora pixka bat behar izan zuten asimilatzeko, baina gero ondo. Eta orain oso ondo, nahi dudana egin dudala eta pozten direla esaten didate. Eta lagunekin batere arazorik ez. Gainera, Madrilen etxea. Aitzakia ona.

Zein dantza mota duzu gustuko?

Ni Madrilera klasikoa egiteko asmotan joan nintzen, eta klasikoko karrera bukatu dut. Baina han nengoela dantza garaikidea aurkitu nuen, eta asko gustatu zitzaidan, eta horregatik hasi nintzen arratsaldetan garaikidea ikasten. Bi horiek dira nire aukeraketa. Baina agertoki batean egiteko, berriz, gustukoago dut dantza garaikidea. Klasikoa gustatzen zait, egunero, errutina moduan, forma mantentzeko eta gorputza lantzeko, baina agertoki batean askatasun gehiago ematen dizula esango nuke dantza garaikideak.

Esaten duzunean dantzaria zarela, eta klasikoa edo garaikidea egiten duzula. Zein da jendearen erreakzioa?

Jendea normalean harritu egiten da, eta modu batean baloratzen du. Garaikidea, adibidez, oraindik ez dela hain ezaguna esango nuke. Hor bai falta da oraindik ere bidea. Publikoa ez dagoela ohituta dantza mota hori ikustera esango nuke. Klasikoa gehiago ikusi dugu, eta ni ere Madrilera asmo horretan joan nintzen. Gero konturatzen zara gauza gehiago ere badaudela.

Ourensen, Pontevedran,... izan zara. Dantza konpainia batean ari zara Madriletik bueltatuta.

Hori da. Abuztuan hasi nintzen Errenteriako Dantzaz konpainian, eta lehen emanaldia Ourensen izan nuen. Konpainiara iritsi eta dena azkar-azkar ikasi behar izan dut bideoetatik-eta.

Nola izan da ikasketak bukatu, etxera etorri eta dantza konpainian lanean hastearena?

Aste Santuan, ikasturtea bukatu baino lehenago, egun batean Dantzaz konpainiara joan nintzen klase bat egitera. Ikusi ninduten, eta gerora, idatzi egin zidaten galdetuz ea ikasturte honetarako libre ote nengoen. Baietz esan nien, eta horregatik etorri nintzen. Madrilen zerbait izan banu, agian han nintzatekeen orain. Justu hemen atera zitzaidan aukera, eta hona etorri naiz.

Eta zer moduz?

Ondo. Buelta gogorra egin zait, batez ere, Madriletik Alegiara. Aldaketa handia da. Jende gutxi bat-batean, baina ondo.

Konpainia batean sartu, eta zein da zure egunerokoa?

Egunero 10:00etatik 18:00etara aritzen naiz dantzan. Klase bat egiten dugu, eta gero behar dugunaren entsegua egiten dugu; emanaldiren bat badugu, hori entseatzen dugu. Orain, esaterako, Esloveniako koreografoa etorri da, eta berarekin aritu gara hiru aste pieza berri bat sortzen. Klasea egiten dugu, sorkuntza pixka bat eta arratsaldetan, aurreragotik sortuta dauden emanaldiak entseatzen ditugu.

Zenbateko taldea zarete?

14 edo 15 gara. Sei mutil gara, eta beste guztiak neskak. Zazpi dantzari berri gaude, eta noski, guri erakutsi egin behar izan digute, eta horretan ere denbora dezente pasa dugu.

Eta lan egunak nola dituzue?

Normalean astelehenetik larunbatera egiten dugu lan. Eta asteburuan ikuskizunen bat bada, astelehena eman izan digute jai. Astean egun bat izaten dugu jai.

Gogorra izango da.

Bai, bai. Bat-batean bi edo hiru egun jai tokatzen bazaizkit, iruditzen zait bi hilabeteko oporrak izan ditudala.

Konpainia batean lanean hasita nabaritu duzu alderik?

Ez. Egia esan ondo preparatu naizela nabaritu dut. Ez dut salto handirik nabaritu. Saltoa izaten da, bi hilabete dantza egiteari utzi badiozu, gero berriz, forman jarri behar duzula. Bai hemen konpainian, eta baita han, kontserbatorioan ere.

Noizbait lortu duzu bi hilabete dantzarik egin gabe egotea?

Ez, ez. Oso-osorik inoiz ez. Normalean hiru aste edo izaten dira, baina asko nabaritzen da. Hanka gora altxatzea asko kostatzen da, eta giharretako gogordurak izaten dira.

Oso gaztea zara. Hemendik urte batzuetara zer izan edo egin nahiko zenuke?

Dantzan jarraitu nahiko nuke beste urte batzuetan behintzat. Konpainia handiago batean aritzea gustatuko litzaidake, eta ziurrenik atzerrira joan beharko dut. Gehiena Alemanian, Herbehereetan,... mugitzen da, eta Madrilera ere gustura bueltatuko nintzateke; Compañía Nacional dago, eta gustuko dut eta ahaleginduko naiz sartzen.

Mundu zaila da?

Bai. Baietz esango nuke. Baina lana eginez gero... Bestetik, zuk, oso adi egon beharra daukazu gertatzen diren gauzetara, begia botaz. Eta aukerak sortzen direnean hor egon behar duzu. Nolabait esateko, bizkorra izan behar duzu.

Aurrera egin beharra daukazu.

Ezin dena da lotsa edota beldurra izatea. Ezin zara atzean geratu, bestela ez zaitu inork ikusiko. Saiatuko naiz ateak jotzen. Errazena lagunen bat edo duzun konpainia batera joatea da probatzera; martxa zein den ikusi, ea ondo moldatuko ote zinatekeen, zure gorputza konpainiara moldatzen den... ikusten joan zaitezke.

Kontserbatorioko ikasketek, nolabait, mundu mailako jendea ezagutzeko aukera eman dizute?

Bai, bai. Oraindik ere kontserbatorioko irakasleekin harremana mantentzen dut, eta galdetzen diet. Konpainia horretara joango banintz zer esango lidakete, edo baten bat ezagutzen duzue beste konpainia hartan, eta norbait ezagutzen badute laguntza eskaintzen didate. Horri esker asko lortzen da.

Zure asmoen berri ingurukoei ematerakoan zer esaten dizute?

Familiakoek eta gertukoek ulertzen dute dantza munduan hemen gauza gutxi dagoela. Euskal Herrian gauza asko dago egiteko; euskal dantzak ondo, baina beste mota batzuk ez daude oso sustraituta, eta ulertzen dute joan egin behar dudala. Pena ematen die, baina ni gustura banago, beraiek ere bai.

Ahalegin handia egin duzu ikasketekin. Guzti honen ordainetan, goragoko mailaren batean aritzea nahiko zenuke?

Bai, noski. Nik ez nuke geratu nahi zerbait handiagoa egiten saiatu gabe. Nire asmoa Dantzaz konpainian urte bat edo bi egotea da, eta gero zerbait hobea bilatzeko asmotan hasiko naiz. Konpainia handiago bat, aukera gehiago, kanpoko koreografo gehiago,...

Inguruko herrietako jendeak galdetzen dizu?

Bai, ezagunek galdetzen didate ea zer moduz Madrilen. Nik uste arraroa egiten zaiela dantza ikastera joan izana, eta gustatzen zait kontatzea, horrela jendeak ikusten du errealitate bat badela dantza ikastea. Zerbait oso normala dela, ingeniaritza ikastea bezala, eta ez dela etorkizunik gabeko zerbait.

Politena zu dantzan ikustea izango da. Hemen, kilometro asko egin gabe dantzan ikusteko aukerarik izango da?

Bai, polita izaten da, berriro etxean dantzatzea. Beste berotasun bat da. Gainera badakizu jende ezagunarentzat dela, berezia den jendearentzat.

Gertukoek izan dute zu dantzan ikusteko aukera?

Bai. Iaz, dantzaren egunean, Madrileko kontserbatoriotik etorri ginen Victoria Eugenia antzokira. Pieza bat ekarri genuen eta bertan dantzatu nuen. Familiakoak etorri ziren, eta oso polita izan zen. Normalean, Madrilen, lagunen bat edo familiakoren bat etortzen zaizu tarteka ikustera, baina guztiak batera inoiz ez. Berotasun berezi bat sentitzen da.

Eta hori guztia barrutik nola bizitzen da?

Hemen dantzatzen dudanean urduriago egoten naiz. Ezezagunentzat dantzatzea, ez dakit zergatik, errazagoa izaten da. Jende ezagunarentzat presio gehiago bezala edukitzen dut, baina gustatzen zait.

Zure emozioak kontrolatzen dituzu?

Bai, bai. Agertoki gainean behintzat bai. Gero, jada, kanpoan, ez.

Beraz, bada aukerarik zu ikusteko?

Bai, bihar, Lasarten dugu emanaldia. Growing Young izena du, eta 20:00etan hasiko da ikuskizuna.

Nolakoak dira ikusleak? Ezberdintasunik bada madrildarren eta euskaldunen artean?

Bai. Askotan gertatzen da. Dantza munduko ikusleak badira, askoz ere kritikoagoak izaten dira. Egia da, mota bateko ikuslegoari gauza bat gustatzen zaiola, hau da, dantza munduan sartuta ez dagoenari, estilo bateko piezak gustatzen zaizkio. Eta dantzariei eta dantza munduan daudenei, beste mota bat gustatzen zaio, beraz, asmatzen jakin behar da.

Iristen da ikuslearen berotasuna edo hoztasuna oholtzara?

Bai, bai. Biak iristen dira. Batzuetan hoztasuna tokatzen da, eta beste batzuetan berotasuna. Baina, bai, argi nabaritzen da ikusleak noiz dauden gustura eta noiz ez.

Gorputza hain fin eta gihartsu mantentzeko zaindu behar izaten duzu?

Ez, ondo jaten saiatzen naiz. Ez diot ezeri uko egiten eta denetik jaten dut. Eta lesio aldetik ere, zorte oso ona eduki dut, eta ez dut inoiz ezer izan. Ez dut ezer puskatu orain artean eta dena ondo izan dut, eta espero dut horrela jarraitzea.

Bukatzeko, zerbait azpimarratu nahiko zenuke?

Batez ere, herri txikietan mutil gutxi aritzen direla eta dantza munduan, ausarta izan behar dela azpimarratuko nuke. Eta borroka eginez gero, lortzen dela esango nieke.

 

LABURREAN.

Gustuko dantzari bat.

Orain dela urte batzuk klasikoa dantzatzen zuen Serguei Polunin izeneko mutil bat gustatzen zitzaidan. Ballet klasikoko mutil gaiztoa bezala zen tatuajeekin. Desberdina zen eta asko gustatzen zait.

Euskal dantzari bat.

Iratxe Ansa esango nuke. Madrilera joan zen pieza bat montatzera, eta gero, berarekin bekadun moduan egon nintzen hilabetez Madrilen. Asko lagundu dit, eta izugarria da dantzari moduan.

Antzoki bat.

Victoria Eugenian dantzatzea asko gustatu zitzaidan eta berriz egin nahiko nuke; eta Madrileko Teatro el Bosque. Bertan dantzatu genituen kontserbatorioko pieza gehienak, asko gogoratzen naiz eta momentu asko pasa ditut bertan.

Dantzatu nahiko zenukeen antzokia.

Asko ditut. Parisko edo New York-eko operak, edo Madrileko Teatro Real.

Konpainia bat.

Herbehereetako Netherlands Dance Teatre (NDT). Garaikidea da, baina asko edaten du klasikotik.

Amets bat.

Etorkizun urrunerako ez, baina gertuko etorkizunari begira konpainia handiago batean egon nahi nuke, eta beste salto bat eman nahi nuke. Madriletik hona etorri naiz, eta beste salto bat eman nahiko nuke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!