'Koxka'ren adierak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Artola 2019ko urr. 25a, 12:04

Koxkaz betea dago euskaldunaren aberria eta koxkaz koxka igarotzen du eguna euskaldunak. Koxka hemendik eta koxka handik.  

Ostiral batez, esaterako: lanera joan behar eta, mugikorreko iratzargailuak jo du mesanotxean. Zabaldu du euskaldunak ezkerreko begia makarrak galarazten diotela, eta «posponer» zapaldu du nola-hala. Eguneko lehenengo koxka, gosaldu ere egin baino lehen. Eta noizbait jaiki bada jaiki, abiatu da lanera autoko pantailako paisaia euskaldun ez beste guztia den horretan Euskadi Irratia jarrita (euskararen herriberetako bat), lantokira iritsi arte. Euskaldunak dira erreleboko lagunak, baina «umetako ohiturak, badakizu», erdaraz egiten diote normalean, berak ume denborarik inoiz izan ez balu bezala. Maite du kafe ordua, eta ondoko tabernan egiten du sartu-irtena, «uno veinte», ez da horren garesti. Joan da gaur ere, egunkari bila dabil, baina Berriarik ez, noski. Euskaldunak erosi egin behar du euskarazko egunkaria, baina debalde jartzen diote erdalduna, eskueran, aisa, «askoz gehiago irakurtzen duelako jendeak». Eta koxkaz koxka igaro duenean goiza, ostiral batez, esaterako, lan astea bukatuta etxeratzen da euskalduna, bazkaldu eta telebista  aurrean digestioa egiteko. Alferrik, ez dauka lanik horretan; ondo hausnartu eta xehatuta eman dio kaxa beltzak munduaren berri: Katalunian haurrak «adoktrinatzen» ari dira azken hamarkadetan. «Munduaren ertza gara», pentsatu du. Baina ez daki ziur «h»-rekin ala gabe, euskaldunak, ziur-ziur, ez baitaki bere izena ere, «Haritz ala Aritz?», «zergatik idazten da Ainhoa?» Pentsamendutik pentsamendura, koxkaz koxka dabil euskalduna bere gogoan: «Ni ez naiz hemengoa?», «mundu guztia arrotza da gure herrian?», «non dago euskaraldiko txapa?», «ahobizi naiz?». 

Eta hara non koxkaz koxka ibiltzetik koxkaka hasi zaion kontzientzia euskaldunari, mugikorra euskaraz jarri ez duelako oraindik, lankideei lehen hitza euskaraz egitera ausartzen ez delako, tabernan Berriarik eskatu ez duelako eta albistegia kate espainiarrean ikusi duelako; ez delako euskaldun-euskalduna, koxka handia dagoelako «nintekeenetik naizenera», koxka egiten duelako «izan beharraren» beldarrak norbere koxkaz koxkako ibilera baldarra seinalatzen duenean.

Leunduko litzaizkioke, ordea, ertzak eta hortzak euskaldunari, «garenetik gintezkeenera» igotzeko espedizio kolektiboak antolatuko bagenitu. Izan ala ez izan, ez baita auzia singularrean deklinatzen. Hortxe dago koxka. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!