Alegian Elkartasun Eguna egingo dute larunbatean

Ataria 2019ko urriaren 10a

Iazko elkartasun eguneko argazkia

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna izango da urriaren 12koa.

Alegian Elkartasun Eguna antolatu dute larunbaterako. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko eguna izango da, eta 13:00etan emango diote hasiera egunari. Lehenik eta behin ekitaldi bat egingo dute herriko plazan, eta jarraian, festa giroak emango die aldarrikapenerako aukera. Triki poteoak elkartuko ditu guztiak jai giroan murgilduz.

14:30ean herri bazkaria izango da, eta kasu honetan, Bulebarrerako bidea egingo dute. Antolatzaileek txartelak salgai jarriak dituzte herriko tabernetan, eta bazkarira joan nahi duenak gaur erosi beharko du txartela. Bazkariaren ostean, kantu saioa egingo dute, eta kantuaz gain bertsoek ere hartuko dute tokia. Herriko bertsolarien Kopla Lehiaketa izango da.

KONTZERTUAK GAZTETXEAN

20:30ean eta Bulebarretik mugitu gabe, zahagi ardoa egingo dute, eta nahi duenak bertaratzeko aukera izango du. Eta aldarrikapen egunari bukaera emateko kontzertuen txanda izango da gaztetxean. 22:30ean, herriko taldeak eta Dientes de Lunak joko dute. Ondoren, DJaren txanda izango da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!