Argazki galeria

Artolak aurrera egin du Altunaren aurkariaren aurka

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 7a, 19:26

Tolosako Beotibar pilotalekuan lau eta erdiko kanporaketako azken jardunaldia jokatu da gaur arratsaldean. Final-laurdenetako ligaxka erabakita geratu da. 

Iñaki Artolak 22-20 irabazi dio Peio Etxeberriari Beotibarren. Garaipen horrekin final-laurdenetarako sailkatu da alegiarra. 1-7 galtzen hasi da Artola, baina jokoa aldatu eta markagailua iraultzea lortu du, 9-7. Peio Etxeberriak, ordea, pilotari oso arriskutsua dela erakutsi du beste behin, eta 9-10ekoa lortu du. Hortik aurrera alegiarra nagusitu da, tantoak landuz eta aurkariaren hutsak bilatuz. 19-15ekoarekin partida erabakita zegoela zirudien, baina Etxeberriak 20na berdintzea lortu du. Azken tantoak, ordea, Artolaren aldera erori dira. 

Peio Etxeberriak kanporaketa galdu arren, Urrutikoetxearen lekua hartuko du. Tanto gehien egin dituen galtzailea izan da Etxeberria kanporaketa honetan, eta horri esker egongo da ligaxkan. Bere lehen aurkaria Jokin Altuna izango da, urriaren 14an, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jaialdia 16:30erako dago iragarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!